Asmo onez

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2023ko mar. 30a, 15:43


Eraikineko postontziak aldatu zituzten atzo goizean. Pare bat egun lehenago irakurri nuen oharra igogailuan: postontziak aldatuko zituztela eta eskertzen zutela bizilagun bakoitzak berea irekita uztea, pisua eta atea idatzita duten metalezko xaflatxoak errazago aldatuko zituzten horrela.
 Ahaztuta genuen postontzi aldaketa atzo goizean etxetik atera eta atarian bi bizilagun taladroa eskuan ikusi genituenean. Harritu egin ginen bizilagunak zirelako postontziak aldatzen ari zirenak, baina ez genion aparteko garrantzirik eman. Paperen bat genuen postontzian, eta pasieran eskuan ez eramatearren utzi egin genituen, paperak postontzian eta atea giltzaz itxita. Bi ordu inguru eman genituen kanpoan, eta etxera bueltan zuzenean joan ginen postontzirantz paperak hartu eta xafla aldatzeko asmoz. Ez zegoen xaflarik eta irekita zegoen atea. Taladroa eskuan zuen bizilagunak azaldu zigun giltzaz itxita zeuden postontziak indarrez irekitzea erabaki zutela. Ez genuen ezer esan. Ez genuen ezer esan baina zur eta lur geratu ginen. Larria iruditu zitzaigun besteren postontziak indarrez irekitzea. 
Zer pentsatua eman dit egoerak. Asmo onez eginagatik, zenbatetan sartzen dugun hanka eta, are, besteren eskubideak urratu. Zer pentsatua eman dit egoerak. Zenbatetan isiltzen garen besteren gehiegikerien aurrean asmo onez ari zirelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!