Euskarazko pelikula epiko eta sublimeak sortzeko beharra dagoela irakurri diot Edurne Azkarateri. Euskal Herriak bere buruari gauza handiak egiteko eskubidea aitortzeaz ari zen, Irati filmari buruzko elkarrizketa batean.
Behar dira, ziur naiz, euskarazko pelikula epiko eta sublimeak. Eta baita arinak ere. Eta mitologiarekin batere zerikusirik ez dutenak. Eta borrokarik gabeak. Eta hutsalak. Eta txarrak. Zergatik ez, txarrak ere bai. Pantailako irudiei tiraka umetako marrazki bizidunak etorri zaizkit gogora. Iruñerriko eskola publiko batean 20 umetako taldea izan ginen gu. 20 umeen artean bakarrak zituen guraso euskaldunak eta euskara ama hizkuntza. Beste hiru edo lau etxetan gerora ikasi zuen gurasoren batek euskaraz, apur bat behintzat. Euskarazko marrazki bizidunekin hazi ginen gu. Etb1eko programa eta lehiaketekin. Telebista zen askoren etxean euskaraz zekien bakarra, eta hizkuntza eremu akademikotik kanpo hurbil izateko aukera horixe izan genuen. Ez dakit egoera epikoa izan ote zen gurea. Gazteagoen kasuan euskarazko telebista ez da hain presente egon, eta ikasteko eta normalizaziorako espazio bat gutxiago izan dutela iruditzen zait.