Gorraizeko Gazteluan masaje bana oparitu ziguten gabonetan ahizpa eta bioi. Papera ikusi bezain laster sortu zitzaidan harridura. Masaje-tratamendu bat? Niretzat? Eta, gainera, Gorraizen? Oparien kontuak zirela pentsatuz lasaitu nuen neure burua.
Urtarrilaren 5ean joan ginen Gorraizera. Argi apala eta musika leuna. Irribarreak eta gozotasuna. Eta langile gozo irribarretsu haiek guztiak emakume gazteak. Sartu ginen bakoitza bere gelan, bakoitza langile batekin, eta hasi zen masajea. Eta ni tokiz kanpo. Neure buruari galdetzen ea emakume gazte hark zergatik egon behar zuen niri buztina jartzen ordu erdiz. Nolako lan baldintzak izango ote zituzten. Bere lana gustatzen ote zaion.
Handik pare bat astera kontatu nion lagun bati Gorraizen izan nintzela. Formakuntza Profesionaleko ikasleek maiz praktikak han egiten dituztela aipatu zidan. Ez dakit lasaitua hartu nuen. Agian ez zen lana, agian formakuntza zen. Gustura ote zegoen emakumea praktikak han eginda? Eta, berak kobratu gabe egiten bazuen, zergatik prezio hura?