Herena

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko urr. 20a, 19:54

Emakume zientzialari bati irakurri nion aurrekoan pozten zela aurtengo Kimikako Nobel saridunen artean emakume bat dagoelako. Ziur naiz ongi merezita duela Bertozzi-k saria, eta pozten naiz epaimahaiak bere lana aintzat hartu eta saritzea erabaki duelako. Baina gozo baino gaziago egin zitzaidan ospakizuna. 2022ak kimikako hiru Nobel saridun izango ditu, eta Bertozzi emakume bakar. Herena, beraz. 2022an herena ospatze hori berdintasun apurrekin konformatzea iruditu zitzaidan. Are Nobel Sarien artean hiru direnean zientzia arloetakoak: fisika, kimika eta medikuntza edo fisiologia. Eta ez da emakumerik beste bietan. Herenaren herena ospatu behar dugu, beraz? Aurten, behintzat, emakume bat izan delako, iaz ez bezala?

 

Atzo bidali zidan bideoa lagun batek. Banatu ditu aurtengo dominak Espainiako Matematika Errege Elkarteak. Hiru saritu izango ditu 2022ak, artean Pilar Bayer. Lagunak bazekien poztuko nintzela, horregatik bidali zidan bideoa. Pilar Bayer irakasle berezia izan zen, maite genuen fakultatean. Eta, pozaren erdian, ezin mikatza ahaztu. Berriro ere herena. Egia da Elkartea dominak banatzen hasi zenetik urtero saritzen dutela emakumeren bat. Baina horixe da proportzio ohikoena: herena. Egia da gaia sinplifikatu dudala, egia da generoa aztertzea ez dela aski; are gutxiago bi genero aztertuta. Baina herena minimoa iruditzen zait, ez lorpena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!