Ikasturte amaiera motxila egiteko garaia izaten da batzuontzat. Hamar hilabete hala moduz zakuratzeko garaia. Eta badira motxilan pisu handiegia hartzen dutenak. Aurreko hilabetean etorri zinenetik, ez diot ebakirik egin neure buruari. DBH lehen mailako ikasle baten hitzak. Iltzatuta geratu zitzaidan esaldia. Zenbat gauza egin dira gaizki hezkuntza zentru batean halako esaldi bat sortzeko norbaitek? Zer egin du gaizki inguruko bakoitzak 12 urteko gazte bat egoera horretara iristerako?
Gaur goizean eskerrak eman dizkit ikaskide batek. Ez dizut lehenago esan, baina eskertzen dizut kezkatu izana. Alabak tiroides minbizia izan du, baina ebakuntza ongi irten da, eta ematen du hobetuko dela. Hiru minutuko elkarrizketa izan genuen watsapean. Hori da eskertu didana. Eta ni zur eta lur. Ikaskide dudan norbaitenganako jarrera minimoa iruditzen zait, ikaskide txarra izanik ere.
Galdera ere motxilan etorriko da, ezinbestean. Zaintzea zenbateraino ahazten ote zaigun. Ingurukoak. Eta baita norebere burua ere. Zenbateraino ahazten dugun nola sentitzen garen bilatu eta geure osasun eta ongizatea lantzea. Zenbateraino ahazten zaigun inguruan ditugun pertsonen egoerak ikusten saiatu eta kide izaten ahalegintzea.
Motxilan ikasitakoak eta etxerako lanak izango dira, halabeharrez. Eta hauxe aurtengo azken irrintzia. Zaindu, entzule.