Eskolan ikasten direnak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko mar. 31a, 19:35

Harritu egin niduen martxoaren zortzirako pankarta tailerra prestatzen hasi eta unibertsitateko ikasketak amaitzen ari den kide batek esatea berak ez dakiela pankartak egiten. Ez da lehen aldia. Ez da unibertsitatean ari den kide bati pankartak egiten ez dakiela entzuten diodan lehen aldia. Ez da egoerak harritzen nauen lehen aldia. Nola demontre igarotzen da unibertsitate garaia pankarta bakar bat egin gabe?

Gogoan dut nire lehen pankarta. Gogoan dut aste egun arratsalde batez ikasle eta irakasle talde bat institutuan. Gogoan dut institutuko sarrerako lurrean margotzen emandako tartea. Garai hartako oroitzapen gutxi ditut hain argi gogoan. Eraikin hartan ikasitako asko ahaztu ditut artean. Baina gai naiz pankarta bat egiteko orduko sentipenez.

Korrika eskolan egiten genuen. Orri zuri bitan inprimatutako dortsala nola margotzen genuen ez dut ahaztu. Zein zaila izaten zen guraizez egindako zuloak zituen zabor poltsa kamiseta gisa erabiltzea. Gogoan dut urteren batean osorik amaitu zuela dortsalak, eta nola erabili genuen korrika handian eskolako zabor poltsa zulatua. Bat eta bat hamaika. Denboragarrenean ulertu nuen esanahia. Inkontzientzia eta inertzia nahasmen batean ikasi genuen hizkuntza bat errespetatu eta erabiltzen, hizkuntza bat maitatu eta geure egiten.

Bartzelonan tokatu zitzaidan urtean bolondres ibili nintzen korrikan. Leioako kanpusean fakultateen artean eta eraikin barruetan aritu ginen korrika oihu batean. Aurten ezin izango dut korrika egin. Iruñeko haurrek errepidea zapaldu ezingo duten moduan. Ez dakit zenbatek galdetuko duten ea zergatik aurten espaloian. Ez dakit inkontzientzia eta inertziaren artean noiz etorriko den ikaskizuna. Beharbada hogei urte barru errepidea zapaldu ezin zen egun hartan zenbat ikasi zuen kontatuko du norbaitek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!