Beltzuneak ortzadarrean

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko mar. 17a, 17:17

Klasetik irtetean ikusi dut deia telefonoan. Zenbaki ezezaguna. Etxera iritsi eta mezuak irakurtzen hastean topatu dut izena. “Leire, Elisa naiz, CEARrekoa. Abisatu hitz egin ahal duzunean, mesedez.” Elkarrizketaz hitz egin nahi zuela pentsatu dut.

LGTB elkarteko aldizkarirako elkarrizketa egin nion Iri orain dela bi aste. Institutuko frantses ahaztua aski izan nuen eskuz idatzitako sei orriek hozkirria eragiteko. Hogei urterekin erail nahi izan zuten mutikoa topatzeko. Etxetik eta herritik ihes egin behar izan zuena. Kilometroak eta herrialdeak igaro ondoren, artean aske maitatzeko aukerarik ez zuena. Itsasora salto egiteko erabakia hartu zuena.

Garrantzizko ezer espero ez nuen arren, deitzeko esan diot. “Poliziaren elkarrizketa ekainean zuen baina aurreratu egin diote, gaur egin du. Abokatuak jakin nahi du ea posible litzatekeen elkarteak dokumnetu bat egitea esanez I bolondres moduan aritzen dela zuenean, eta elkarrizketa egin diozuela aldizkarirako.” Nola frogatzen da sexualitatea? Zenbat ortzadar marraztu behar dira institutuko koadernoan jaioterritik hiru mila kilometrora asilo eskaera betetzeko?

Kontrako eztarritik joan zait eskuan nuen ogi xerra elkarrizketarekin batera. Elkarteko kideei idatzi eta korrika irten naiz egoitzara paperak prestatzera. “Egin ditugu lehenago halakoak, bilatu dokumentua karpetan.” Eta ni izoztuta, nire berrian. Ortzadarraren beltzuneetan txiki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!