Arraroa

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko mar. 10a, 17:17

Gaur arraro nator, entzule. Astelehenean izan zen otsailaren 28a. Eta aurtengoak ez du 29. egunik. Astelehenean ospatu zen, beraz, gaixotasun arraroen eguna.

 

Nik hamaika urte nituen. Hamaika urte nituen eta ez dut erabat gogoan nolakoa izan zen prozesua medikuekin. Baina etxean inoiz ez zen arrarotasunaren lanketarik izan. Nafarroan ez da Addison gaixotasunaren inguruko elkarterik. Agian horregatik ez zuen gaixotasun arraroaren gaia gehiagotan aipatu endokrinoak.

 

Hemezortzi urte nituen eta unibertsitateko ikasle nintzen Bartzelonan. Han ezagutu nuen gaixotasun arraro kontzeptua. Han hasi nintzen ikasten oso kasu gutxi egotearen pisua. Zientzia askotan arbuiagarri deritze laginaren kasu gutxitan gertatuagatik emaitza orokorretan eraginik ez duten berezitasunei. Gizarte mailan estatistikoki ezohiko diren kasuetan hori izaten da kontua, errazegi bilakatzen direla arbuiagarri.

 

Hilabeteak edo urteak gaixorik igarotzea diagnostikoa lortu arte. Berezko tratamendurik egon ez eta botika orokor xamarren koktela hartu behar izatea. Ikerketa falta medikuen eta farmazia enpresen aldetik. Horiek dira gaixotasun arraroei lotuta normalean aipatzen diren arazoak. Ez dira gutxi. Ez dira arinak. Baina bada beste faktore bat ez dena maiz aipatzen. Gaixotasunarekin bizitzen ikasteaz eta pisu psikologikoaz ari naiz. Elkarte askok lan handia egiten dute horretan. Ez, ordea, osasun publikoak. Gure osasun sistemak pertsonak bizirik mantentzea du helburu. Baina agian ez genuke irautearekin aski izan behar. Agian bizi ere egin behar da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!