Publikoa ez da ergela

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko ots. 17a, 16:59

Agian gogorra da esaldia, are gehiago tituluan idatzita badago. Baina letra lodiz idazteko gogoa nuen. Gogoa edo beharra. Edo gogo eta behar korapilo bat.

Banaketa harrigarria gertatzen da antzinako musikako kontzertuetan. Beti daude entzule gutxi batzuk antzinako musikaz asko dakitenak. Arituak maiz. Adituak ere inoiz. Eta, entzuleen gehiengoak berriz, ez du ideia izpirik. Berdin du zer tresna jotzen ari diren, zein mendetakoa den musika eta zer musika mota den. Berdin du nola dauden afinatuta tresnak, programak osotasuna duen eta taldekideen komunikazioa ona den ala ez.

Baina publikoa ez da ergela. Eta ezin da publikoa ergeltzat hartu. Grazia egin zidan atzoko kontzertua amaitzean adineko emakume batek lagunari esandakoak. Gehiegi hitz egin du. Eta, gainera, esan duen guztia zegoen programan. Dena soberan, aurreko asteko errezitatzailearen moduan. Arrazoi osoa zuen emakumeak. Programa patxadaz irakurtzeko ordu laurden eman ondoren zuzendariari berriro dena entzun beharra ez da ganora. Kontzertuaren zati bakoitzaren aurretik gerora abestiekin proiektatuta agertuko diren testuak errezitatzea informazioa bikoiztea baino ez da.

Entzuleak ezin dira etxeratu ergeltzat hartu dituztela edo denbora galarazi dietela sentituz. Entzuleei errespetua zor zaie. Norbere lanari errespetua zor zaion hein berean zor zaie errespetua entzuleei. Eta nago ez dela musikako edo kontzertuetako kontua soilik. Ikasleei ere zor zaie errespetua. Bezeroei. Gaixoei. Herritarrei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!