Portzentaiekin borrokan

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko ots. 3a, 19:02

 Azaroan izan zen. SMSa iritsi zitzaidan euskararen erabilerari buruzko inkesta bat egitea egokitu zitzaidala esanez. Inkesta bat? Bai zera. Segituan itxi nuen.

 Gauean etxeratzean hots egin zuen telefonoak. Euskararen erabilerari buruzko inkesta egiteko asmoz zen linearen beste aldeko ahots gaztea. Laburra da? Zazpi minutu esan zuen. Eta hantxe hasi zen portzentai eskean. Ea etxean zenbat aritzen nintzen euskaraz. Ehuneko...80tik gora? 60 eta 80 artean? Ea zenbat kalean. Dendetan. Auzokoekin. Lagunekin. Eta ni portzentaiekin borrokan. Tarta erdia gehi tarta laurdena eta bi gazta puska... Nola demontre kalkulatzen da ehuneko zenbat egiten duzun hizkuntza batean Iruñerria zapaldu gabe hilabete baino gehiago eman ondoaren eta Sevillan pisukidearekin euskaraz egiten baduzu?

 Hogei minutu izan ginen hizketan. Hogei minutu izan ginen hizketan eta oporraldian etxera itzultzean konturatu nintzen ez nituela esandako portzentaiak betetzen. Ez nuela kalkulatu edo nahi beste egiten euskaraz. Auzokoekin, dendariekin, etxean inkluso, ez nuela uste bezainbeste egiten euskara hutsean. Oporraldi osoa eman nuen euskaraz gehiago egiten saiatzen. Eta eskertu egin nion 20 minutuz nirekin hizketan izan zen solaskideari. Portzentaiekin asmatu ez banuen ere, esandakoetara hurbiltzen saiatzeko aitzakia izan zen inkesta.

 Amaitu zen oporraldia eta berriro ospa ikasle pisura. Labaren irekierak ez ninduen Iruñerrian harrapatu. Baina urrunetik sentitu nuen suaren beroa. Urrunetik sentitu nuen lehen hitza euskaraz lasai eta gustora esateko patxada. Urrunetik sentitu nuen tarteka arrozten diguten etxea metro karratu batzuk etxekotzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!