Elkarrizketak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko urt. 20a, 18:26

Egunkariko orriaren argazkia eta esaldi bakarra bidali dit lagunak: “gorroto ditut kazetariak”. Benetan pentsatu ez baina esaten direnak pentsatu dut. Nik ere bota dudalako inoiz halakorik. Ni ere amorratu naizelako estudiotik atera eta esan nahi nituenak esateko aukerarik izan ez dudala konturatzean. Egunkariko orria ilusioz ireki eta telefonoz esan nuena guztiz eraldatuta irakurtzean nire izenaren ondoan.

 Kazetarien lan baldintzek izango dute zerikusirik. Bere lanaz aritzeko asmoz elkarrizketa batean azaltzen den artistaren egoa ere ezin ahaztu. Baina egia da zapore mikatza uzten duela nahi bezala ateratzen ez den elkarrizketa batek. Are dena betiko hodeian inmortalizatuta geratzen den gure gizarte lainotu honetan.

 Eta, elkarrizketa txar batek arantza sortzen duen moduan, elkarrizketa on bat ez da berehalakoan ahazten. Kazetariak zure lanaren berri duen sentsazioa. Bat bestearen atzetik ia literarioki jositako galderak. Espero zenuena baino naturalago eta gehiago hitz egiteko aukera luzatzen dizuten komentarioak. Egin didaten elkarrizketa onenetako bat irrati honetan bertan izan zen. Benetan pentsatu arren, esaten ez direnak. Eskerrik asko!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!