Badakit. Badakit berandu natorrela Alkaiza eta Estitxu Arozenaren argazkiari begira jarriko banaiz. Baina hiru egun daramatzat Bizkaiko finaleko agurrak buklean entzun eta Miribillako oihartzunean Anaitasunako puntuak aditzen.
Ausardia behar da milaka pertsonaren aurrean mikrofonoa hartu eta, inoiz, bertsolari erdizka baino sentitu ez zarela aitortzeko. Ausardia behar da malkoei agertzen utzi eta agurra ahots urratuz amaitzeko. Ausardia bai. Baina baita ahizpatasuna ere. Taldea eta lanketa behar dira azken agurrean esateko: “neska gazteagoak datoz eta nik haiengatik jarraitzen dut hemen”. Eredugarri eta indar-iturri dira bertsolaritzaren inguruan sortu diren dinamikak mikrofonoak hartzen eta tauletara igotzen garen emakumeontzat.
Eta Anaitasunak izan zituen ahizpatasun printzak ezin ahaztu. Sekula ez dut Nafarroko txapela bat aurtengoa bezain gertu sentitu. Alkaiza Saioa ere badelako: adinkidea, Iruñerrikoa, feminista, militantea. Baina Saioa beraren diskurtsoa, entzuleen txalo zaparradak, bertsokideek agurretan eskainitako hitzak eta Estitxuren bertso-alaben aipamena aurreko finaletatik urrun daudela esango nuke. Urrun. Aurrerago.
Langile auzoak eta erdaldunen seme-alabak aipatu zituen Alkaizak. Eta Uriak ere erdalguneko bertsolariei eskaini zien agurra. Agian ez da finala Barakaldo edo Iruñean izatea soilik. Agian hasi da ikusten inguru erdaldunetako lan andana.
Mikatzetik asko izan duen urteari gozo egin nahi nion agur. Bukaerako agur hauek izan daitezkeelakoan zerbaiten hasiera seinale. Edo bidean garela behintzat.
Ongi izan, entzule.