Hamaika izaten da nobaitek euskarari buruz galdetzean erakusten diodan lehen hitza. Ez bat eta ez bi, hamaika. Gaurko data paperean idatzita ikustean berehala hasi dira zenbakiak dantzan buruan.
Hamaika da hamar gehi bat. Baina hamaika da mila. Edo mila baino gehiago. Infinitu. Asko. Harrigarri egiten zaie hizkuntzak maite dituzten lagunei. Esku bietako hatzekin zenbatu ezin den lehen zenbaki osoa, ez da gehiago behar "asko" esateko.
Matematikaren Historiako txistea izan zen europar herri guztietako biztanleek hamar hatz dituztela eskuetan frantsesek izan ezik. Barre artean esan zuen irakasleak frantsesek hogei hatz dituztela eskuetan. Euskaldunok ere ibiltzen gara hogei, berrogei, laurogei, ... eskuak bikoitz ikusten tarteka. Baina hamaika hamaika da. Ez da hogeita bat.
Eskuekin zenbatzeko modua kultura desberdinen adierazgarri da. Gurean ez da izan eskuekin zenbatzeko ohitura handirik, nonbait. Hamarrera artekoak aski. Esku bateko erpuruaz gainerako hatzen falangeak zenbatuko bagenitu, adibidez, aise kontatuko genuke 12ra arte esku bakarraz. Bi eskuak erabilita, 24. Eta ez da zaila 32ra iristea ere, metodo bera erabili eta hatz bakoitzaren azpian geldiune bana eginez.
Eskuekin zenbatzeko tenkika landuak eraibiltzeko ohitura ez egonagatik, esango nuke zenbakiek garrantzi handia dutela gurean. Beharbada ez ginen hamaika zenbatzeko jaio.