Denak berdin tratatzea

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2021ko urr. 1a, 18:13

Goi mailako ikasketa zentru bat. Goizeko zortzi eta erdiak: lehen saioa. Zazpi ikasle gelan, lau gizonezko eta hiru emakume. Irakaslea ere gizona. Euren burua aurkeztu dutenean gehiago hitz egin dute gizonek. Galdera gehien ere eurek bota dituzte galdera txandan. Eta gizonezkoak izan dira irakasleari zuzendu eta euren gogoeta pertsonalak egiten ausartu diren bakarrak. Luze. Eroso.

Goizeko hamarrak, bigarren saioa. Hamabost ikasleko taldea, sei gizon eta bederatzi emakume. Oraingoan ere gizonezkoa da irakaslea. Saio osoan hiru pertsona baino ez dira geratu hitzik egin gabe. Hirurak emakumeak. Saioan zehar behin eta berriro hitza hartu duten guztiak gizonezkoak izan dira. Bi ikasleren izenak ikasi ditu irakasleak. Biak gizonezkoak.

Agian Estetika klasea ez da datuak bildu eta estatistiketan pentsatzeko momentu ohikoena. Agian beste inor ez da konturatu. Baina ez da kasu bakana. Ez da niri gaur kasualitatez gertatutako zeozer. Egunero eta edozein txokotan gertatzen da. Ikasgela barruetan eta ikasgeletatik kanpo. Eta ikasturte hasiera izan liteke momentu egokia gogora ekartzeko. Irakasleei. Baina baita irakasle ez direnei ere. Denak berdin tratatuta ez da berdintasunik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!