Niri ere iritsi zait SMSa: bigarren txertoa jartzeko data eskatu dezakedala. Sakatu lotura eta umetako jolasa etorri zait gogora. “Zubiri zubiri, nongori nongori, nongo alkate zara zu? ...” zubi azpitik pasatzean harrapatuta geratzen zen lagunak aukeratu behar izaten zuen, “txokolate ala marrubi?”. Bizkarrari helduta lagun gehien biltzen zuenak irabazi ohi zuen jolasa.
Oraingoan ere hala sentitu naiz, zubi azpitik pasatzean harrapatu egin naute bi beso parek, eta aukeratu beharra bai baina informazioa apenas eskainita. Interneten bila hasi eta erkidego batzuetan estatistikaren bat jadanik argitaratu dutela ikusteak poztu egin nau. Hasi dira bizkarren atzeko ilarak sumatzen.
Margarita del Valen aholkuak ere topatu ditut. CSICeko puntako zientzialariaren hitzak, non eta Ana Rosarenean esandakoak. Eta txokolatea garraztu egin zait eztarrian maila horretako zientzialari batek halako programan hitz egin behar duelako jendeak entzun dezan. Unibertsitateko irakasle zenbait etorri zait gogora gero. Dibulgazioa zein beharrazko den azpimarratzen zuten beti. Gizarteak zientzialariei ematen dizkien baliabideak eskertzeko modua izan daiteke zientzialariek gizarteari jakintza eskuragarri egitea. Agian Ana Rosarena ez da hain mikrofono txarra zientzia dibulgazio beharra dutenengana iristeko.