Gaueko hamaika eta erdiak. Jadanik pasata etxeratze-agindua. Autobusa gelditu eta emakume gazte bat igo da sakelako telefonoa eskuari itsatsita. Segidan gizon helduago bat, basoa geltokiko eserlekuan utzi berri eta gorputzari zuzen eutsi ezinik. Atzerantz joan da emakumea, bi gizon gazte diren alderantz. Gizon helduak jarraitu egin dio, eta hizketan hasi. Berak aldentzeko. Eta apur bat aldendu da.
Nere eserlekutik sumatu dut urduritasuna, baina viola eta maleta alboan ezin izan naiz mugitu hurbilago jartzeko. Betaurrekoak hartu banitu sikiera, emakumearen aurpegia ikusi ahal izateko.
Jaitsi da lehen mutil gaztea eta jaitsi da bigarrena ere. Hurrengo geldialdiaren botoia sakatu dudanean entzun dut emakumea altxatzen. Ez du jaisteko asmorik. Gidariarengandik hurbil jesarri da, telefonoari itsatsita oraindik. “Ongi zaude?” azkar bota diot jaitsi aurretik. Gizonari buruz hizketan hasi zait, urduri. Eta baietz esan du, esaldia amaitzeko denborarik izan ez duen arren.
Kezkatuta jaitsi naiz autobusetik. Eta, gizon heldua nire atzetik jaisten ikustean lasaitua hartu dudan arren, etxerako bidea ez dut eroso egin. Zergatik ohitu behar dute emakume gazteek arriskuak saihestera? Zergatik gara emakumeak eraso egoerak hautematen ditugun ikusle bakarrak? Gauak denona behar luke. Kaleak ere bai.