Telematikoki ezinbestean

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2021ko api. 22a, 17:24

Pozik etorri zitzaigun amona, udalak haur txikientzako eta 60 urtetik gorakoentzako kirol jarduerak berriz ere eskainiko dituela jakin berri. “Gmaileta iritsi zait mezua. Hemen zegoen, baina desagertu da.” Izena emateko laguntza bila etorri zen etxera, ezin zela ez telefonoz eta ezta bertaratuta ere egin, galdetu zuela goizean.

Udaletxeko webgunearen nahasmenean arakatzen ibilita lortu genuen ikastaroen informazioa, eta baita izena emateko moduaren azalpena ere. “Amona, baina epea ez dago zabalik. Etzi da izena emateko lehen eguna.” Berak, artean irrikaz baina urduritzen hasita, ea izena emateko aplikazioa instalatuko genion.

Izena emateko eguna iritsita, segi amonaren etxera. Eta sartu kontua eta kiroldegia aplikazioan baina ez da inon ageri amonak nahi duen taldea. “Astelehen eta asteazken ez, gitarra klasea dut asteazkenetan. Astearte eta ostegun behar du.” Gora eta behera zerrenda, atera eta berriz sartu, aldatu zerrendako elementu ikusgarri kopurua... eta ez da amonak nahi duen taldea inon ageri.

Telefonoz deitu nuen azkenean. Eta lagileak gurea behar zuela akatsak, beste inork ez zuela deitu horrekin arazoak zituela esanez. Ez nion esan. Ez nion esan baina pentsatu egin nuen. 60 urtetik gorako pertsona askok izango dituzte arazoak izena emateko aplikazioa instalatzeko baino ez. Telefonoaren beste aldetik “egin hau” berak eta “bai, egin dut” nik. Proposatzen zizkidan guztiak jadanik egin nituela ikusita, langileak amore eman eta talde hartarako izen ematea berak egin zuen. Zur eta lur geratu ginen amona eta biok. Halabeharrez telematikoki behar zuena, 60 urtetik gorakoentzako jarduera izanik ere telefonoz edo bertaratuta inola ere egin ezin zitekeena, telefonoz egin genuen minutu eta erdian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!