Txokolatezko baserria

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2021ko mar. 25a, 15:45

Sekula ez naiz ohitu erakusleiho handiak dituzten gozotegiak ikustera. Unibertsitate ikasketak hasteko etxetik joan nintzenean harritu ninduten lehen aldiz opilez eta tartaz betetako apalategiek kristal handien atzean. Zeharo harritzen ninduen edozein kaletatik igaro eta halakoak topatzeak han-hemenka.

Aurten hasia nintzen etxe alboko bost pisutako kristalezko apalategia, beheko iskinan opilez betetako metro eta erdi karratua eta pareko kalean kristalaren ondoan ilaran egoten diren tarta dotoreak auzoaren parte direla barneratzera. Aste honetan, baina, aldatu egin dira auzoko gozotegien ohiturak ere. Erakusleiho guztiek hartu dute jostailu-denda itxura bat-batean.

Txokolatezko arrautzak ez ezik, hor daude kolore biziz Spider Man, Hello Kitty, txerriak, oiloak, behiak, txakurrak, ... Etxeak ere badira. Baserri itxura hartu diet txokolatezko etxeei, inguruko belardi eta guzti abereen alboan jarrita. Eta Eliza Katolikoa, ohitura yankiak, marketin basatia eta umeen manipulazioa eztarrian nahastu zaizkidanean zalantza sortu zait: jendeak halakoak erosten ote dituen eta, erosita ere, plastikozkoak ematen duten panpina horiek jaten ote dituzten.

Sekula ez naiz ohitu erakusleiho handiak dituzten gozotegiak ikustera. Gure herrian ez daude opilez eta tartaz betetako kristalezko apalategi handiak. Iruñean burura datorkidan bakarra da Alde Zaharrean ibili bitartean Beatrizeko kristalera sudurra itsatsita gelditzea. Baina ezin ditut irudikatu txokolatezko baserriak abere eta guzti kale honetan bai eta hurrengoan ere bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!