Astelehenean entzungela huts batentzat egin genuen kontzertua. Lehenago ere izan dira
streamingak eta bertan behera utzitako kontzertu eta emanaldiak. Lehenago ere izan da
pareko begiraden hutsunea esaldiaren erdian. Baina pilatzen doaz egin ezineko bidaiak eta
egin gabeko kontzertuak. Pilatzen doaz begi parean hutsik dauden jesarlekuak.
Zaila da kamera, mikrofono eta kable beltzak entzule bakar izatea. Hor da teknikaria,
agertokiaren eta lehen lerroaren arteko mahaitxoan. Baina ez erabiltzeko kartela duten
eserlekuak eta kartelik gabekoak, denak daude hutsik. Bi eta bat, bi eta bat. Eta falta da
entzuleek kentzen duten erresonantziaren hutsunea. Eta falta da isilik dagoen jende asko
elkarrekin izatean sortzen den tentsio hori. Eta falta da argiak itzaltzean hasten den jolasa,
ilunean itzalak sentitzea.
Ezer gutxi dira agertokitik irtendako notak pareko belarrietara iristen ez direnean. Ezer gutxi da
taulara irteteko aukera parean begiradarik topatu ezean. Entzulerik gabe ez dute helmugarik
esaldiek. Entzulerik gabe ez da ez txalo ez begirakune, antzua da amaiera. Entzulerik gabe
zentzubako da plazara irtetea.