Otsailaren 11

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2021ko ots. 11a, 15:45

Orain dela urte batzuk nekez irudikatuko niokeen ezer berezia otsailaren 11ri. Matematika Gradua behin hasita ere, ez nintzen berehalakoan hasi otsailaren 11 egutegian markatzen. Emakume matematikari handien izen batzuk, lagun feminista talde bat eta irakasle eredugarriren bat behar izan nituen otsailaren 11ri izena jartzeko. Zientziako emakume eta nesken nazioarteko eguna da otsailaren 11. Zientzia Fakultateko pasilloetan begiak ireki eta jarrerak eta proportzioak aztertu behar izan nituen egun honen beharraz konturatzeko. Eta fakultatetik Bigarren Hezkuntzako ikasgeletara salto egin nuen arte ez nintzen konturatu zein garrantzitsua izan daitekeen otsailaren 11 bat.

Gaur Izeiri kontatuko diote ordenagailuen hizkuntzan idazten asmatu zuen lehena emakume bat izan zela. Eta, orduko hartan bere hitzak inor gutxik ulertu zituen arren, orain ordenagailuen lengoaia batek bere izena duela. Emakumea Ada zen, Ada Lovelace.

Gaur eskolatik irtetean irrikaz erakutsiko dio Anek aitari sumendi baten marrazkia. Sumendiaren maldan neskato bat dago, emakume bati eskutik helduta. Begira, aita! Hau Inge Lehmann da, nik marraztu dut. Eta eskutik helduta dagoena ni naiz. Handia naizenean, berak bezala ikertuko dut Lurraren barnealdea. Zuk uste duzu sumendi batetik iritsi daitekeela Lurraren erdira, aita?

Miren eta Iker ipuin kontaketa batean izango dira gaur arratsaldean, eta ikasiko dute erizaintza modernoaren lehen pausoak emakume gazte batek eraginak izan zirela. Ikasiko dute emakume horren marrazkiei esker soldadu pila bat salbatu zirela, iraganeko gerra batean. Gaur arratsaldean Florence Nightingale-ren historia entzungo dute Miren eta Ikerrek, eta biak itzuliko dira etxera handitzean kriseiluaren emakumearen antza izango dutelakoan. Ikerrek erizain izan nahiko du, Florence bezala. Eta Mirenek matematikako marrazkiak egin nahiko ditu kaso egiten ez duten politikariak gauzak ongi egin ditzaten konbentzitzeko.

Gaur gauean nekatuta etxeratuko da Izaro lanetik, beste behin. Baina, afaldu aurretik, haur liburutegian hartu duen emakume zientzialarien albumeko lehen orria irakurriko die seme-alabei. Gauero bat irakurriko diela erabaki du. Eta elkarrekin egingo dute izenen zerrenda logelako paretan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!