Plastikozko euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2020ko urr. 29a, 15:22

Herri berekoak dira Nahia eta Izei. Urte berean jaio ziren. Eta eskolan ere elkarrekin izan dira azken zortzi urteetan.

Datorren astean haien taldearen txanda da eskolako irratian aritzeko. Egunak dira saioa elkarrekin prestatzen ari direla. Eta gaur adostuko dute bikote bakoitza asteko zein egunetan arituko den. Irakasleak asteleheneko lehen txanda aipatu orduko altxatu du eskua Izeik, irrikaz. Nahiak, baina, ezetz esan dio, ez altxatzeko eskurik. Asteleheneko bigarren txandarekin ere antzeko gertatu da: Izei irrikaz eta Nahiak, berriz, ezetz.

Haserretu egin da Izei azkenean. Ez du ulertzen hainbeste lan egin ondoren, lagunak zergatik ez duen saioa egiteko gogorik. Eta Nahiak ezetz baino ez dio esaten, ez altxatzeko eskurik. Lagunaren haserreak areagotu egin du Nahiaren lotsa. Ahots urratuz aitortu dio azkenean Izeiri astelehenetan kostatu egiten zaiola euskaraz aritzea. Bere etxean inork ez daki euskaraz, eta asteburu osoa gazteleraz eman ondoren urduri iristen dela eskolara, lagunek berak baino hobeto egiten dutelako.

Mutu geratu da Izei lagunaren hitzekin. Jakin badaki berak asteburu eta oporraldietan egiten duela euskaraz erosoen. Eta lotsatu egiten dela tarteka lagunekin gazteleraz aritzean trabatu egiten delako. Baina orain arte ez da konturatu berak gaztelerarekin sentitzen duen urduritasuna euskararekin bizi duela lagunak egunero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!