Gurean ere izan da itxialdia garbiketarako aitzakia. Gurean ere izan da telelanaren eta ezin irten egotearen erdian, etxeko bazter ahaztuak husteko denbora. Eta, ateratzen hasi garen honetan, hasi dira ikusten hark kontainer alboan utzitako arropa poltsak eta besteak nahi ez dituen egurrezko aulkiak. Atera eta berehala desagertu den bankua eta inork nahi ez duen jarroia.
Harrigarria da gehienontzat garbiketa hitzak hartu duen esanahia. Gauza zaharrak bota, arrakalarik izan ez arren, zer eta antz handia eta erabilera bera duten gauza berriak erosteko. Egoeraren metafora egokia iruditu zait. Norbaitek erabaki egin du bankua eta bi jarroiak ez zaizkiola erabilgarri dagoeneko. Beste norbaitek bankua nahi du, eskainitako prezioan. Eta inork nahi ez duen jarroia ... inork nahi ez duen jarroiak lurpean edo erraustegian amaituko du.
Bizitzarekiko eta zaintza lanekiko jarrera aldatuko omen genuen honetan ere ez gara fin ibili. Ez gara ohitu gorputzak zaintzen. Ez dugu ikasi bizitza bakoitzari balioa aitortzen. Ongizate psikologiko eta emozionala bilatzen ez gara hasi.
Garbiketa egitea izan zitekeen egurrezko aulkiei berniz berria jartzea, armairu zokoan geratutako jarroia beste kolore batez margotzea. Garbiketa izan zitekeen zahartutakoak zaintzea eta ahaztutakoei erabilgarritasun berriak asmatzea. Banakoa errespetuz erreparatzea, kontainer alboan utzi beharrean.