Kolore desberdinetako bost bandera. Bost ume talde, bakoitza bandera eta gaztelu batekin (egia esan, banderak oihal zatiak baino ez dira; eta gazteluak patioan mugatutako eremuak). Jolas eremuan harrapatutako aurkariak bere gaztelura eramaten ditu talde bakoitzak, eta han pilatzen dira umeak, elkarri eskua helduta, kate batean. Taldekideak libratzeko aurkariaren gaztelu ingururaino iritsi beharra dago, eta kateko azken eskuari bostekoa eman. Ez da erraza aurkariaren gaztelu ingururaino iristea, bidean topatutako harrapariak sihestu beharra baitago.
Azken egunotan gogora etorri zait umetako jolasa. Astean behin fruta eta barazkiak erostera auzoko dendara. Jarri maskara eta biderik motzena zein den pentsatzen hasi. Saiatu jendea pilatzen den tokiak sahiesten: farmazia ingururik ez, okindegi aterik ez, taberna terrazarik ez. Bidean, kontuz maskara ez dutenekin eta balbuladuna daramatenekin. Bidean, kontuz ume txikiekin eta agureekin.
Umetako jolasarekin, baina, desberdintasun nabaria somatu diot egoerari. Oraingoan ez daude zehaztuta taldekideak eta aurkariak. Irabazi eta galdu aditzak ez dira antonimo definituak. Oraingoan hutsune handi bat topatu diot jokoari. Inork ez digu irakatsi irabazten, beste batek galdu ezean.