Balkoiak eszenatoki: auzolana edo ego bazka?

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2020ko mai. 14a, 17:13

Kultura partekatzea. Bakoitzak dakiena eskainiz, itxialdia arintzeko proposamenak oparitzea. Adibidez, ingurukoei musika debalde eskaintzea. Musikari profesional eta orkestra zein bestelako talde asko sare sozialen bidez ari dira eskaintzen kontzertuen grabaketak eta zuzeneko saioak. Amateurren artean ere hor daude, edozeinen eskura, Instagrameko zuzenekoak eta YouTubeko grabaketa andana.

Lagun bati irakurri nion orain dela aste batzuk bera ez dela kapaz sare sozialetan zuzenekoak egiteko. Ez dela gai egoera honetan bideoak grabatu eta partekatzeko. Berak eszenatokia behar duela, fokuak, eta publikoa. Berak txaloak behar dituela, ez dela jotzeko gai bestela.

Auzokoa etorri zitzaidan niri gogora lagunaren hitzak irakurtzean. Badira bi hilabete astean lau-bost aldiz leihoa ireki, anplifikadorea topera jarri eta ordu eta laurden inguruko saioak egiten dituela. Garajean sekulako burrunba egoten da. Leihoek dar-dar egiten dute. Eta, ate guztiak itxita ere, etxeko gela guztietatik entzuten da kontzertua. Inguruko etxe zenbaitetan leihora irteten dira. Beste askotxo kalean egoten da, begira, argazkiak egiten, bikoteka dantzan ...

Gorroto dut orain dela bi hilabete ia egunero errepikatzen den egoera. Ez dago YouTubeko bideoari bolumena kentzerik. Ezin da Instagrama itxi. Jesarlekutik altxatu eta kontzertu erdian ospa egiteko aukerarik ere ez dago. Ordu eta laurden logelako txokoan itxita, ikasi nahian eta rantxerak halabeharrez entzunez. Baina plazan zortzi esku pare daude txaloka. Eta leihoetako bost buruek hor jarraitzen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!