Harrikoa erdizka utzita, atea kolpekatuz atera zara kalera, herriak entzun zaitzan. Zure oihuekin danbada batez ireki dituzu etxe gehienetan itxiak zeuden leihoak, zure oihuekin ohartarazi dituzu herritar isilak, eta gutxinaka-gutxinaka hitz egiten hasi dira. Ateak ireki egin dira, eta beharbada, herriko alkateak kaleen zabaltze prozesua martxan jarri beharko luke ez baikara guztiak kabitzen.
Zure oihuen miresle dira, konta iezaiezu eguna, bere begi lainotsuei zuzen begiratu diezuenean, begirada jaitsiarazi gabe, kikildu gabe. Ubelduren kolore aldaketen prozesua ondo ikasita izanak kobazulotik ateratzeko indarrak eman dizkizuenean, eta behingoz, behingoz, bere itzalaren menpetik atera zarenean, eskuak eusten zizkizun eskuburdinak hautsi eta hainbeste urte ondoren eguzkiarekin berriz topo egin duzunean.
Konta, konta iezaiezu nola “birbihurtu” zaren emakume.
Laura Urdin