Hostoei begira liluraturik, haizeak alde batera eta bestera astintzen ditu Beñatek klariona mugitzen duen abiadura berberean, erroketak ekialderantz eta berreketak hegoalderantz, eta ni hemen, zain, mugituko nauen haize boladaren esperoan, aulki honetatik altxarazi eta leihotik hegan aterako nauenaren zain. Nire burua estuegi aurkitzen da lau pareta hauen artean, zabaltzeko, indartzeko eta aldatzeko askatasuna behar du, eta ez du hemen aurkituko. Gela honetatik ihes egin nahi du.
Kultura eta hizkuntza berriak ikusteko eta ikasteko prest dago, jakinduriaz eta esperientziaz betetzeko irrikitan, baina irakasle honek irakasten dituen batuketa, logaritmo eta zatiketetatik askatu behar dut nire memoria, eta ez ditut txoko ahazgarrienetan ere gordeko. Nik gela honetatik ihes egin nahi dut.
Burka baten barrualdetik ikusi nahi dut mundua noizbait, kilometroak egin, oinez, txirrindulaz eta zaldiz, aurrean dudan paretan zintzilik dagoen erlojuaren orratzak geldiarazi nahi ditut eta agur esan nire bizitzako ordutegi guztiei. Seriotasun eta txintxotasun hitzak ezabatu nahi ditut nire hiztegitik eta gela honetatik ihes egin.
Bilatzen dudan guztia lau pareta hauen kanpoaldean dago, bi pauso ezkerralderantz emanda.