'Todo que ganar' eleberria aurkeztuko digu Juako Escaso idazleak eta Martxoak 3 Elkarteko kideek. Gainera, Gasteizko sarraskiaren hurrengo egunetan grabatutako irudi eta soinuak ikus-entzun ahal izango ditugu. Baina, batik bat, liburuaren protagonistei buruz, emakumeei buruz hitz egingo dugu, horretaz eta borroka autonomoaz, iragan eta orainaldiko errepresioaz, memoriaz... eta geure buruari galdetuko diogu ba ote genuen atzo eta ba ote dugun gaur dena irabazteko.
'Todo que ganar' eleberri bikoitza da. Bi istorio agertzen zaizkigu, eta istorio horiek lotzeko bi gune: hiri bat, Vitoria-Gasteiz, eta bi emakumeren patua, ama-alabak, Elena eta Indar. Lehenengoa etorkizunari aurrea hartu eta askatasuna irabazteko eta bizitzari zuku guztia ateratzeko prest dago, traba ororen gainetik. Indar da bigarrenaren protagonista, eta gaur egunean kokatzen da, non ez baita apenas deus geratzen, klase sentimenduaren hondarrak eta aurreko belaunaldiek amestera ausartu ziren garaipenen zurrumurrua besterik ez. Ama nor izan zuen jakiteko beharrak eta sistematikoki isilarazia, zapaldua eta ezkutatua izan den iraganarekin bakeak egiteko beharrak bete-betean murgiltzen gaituzte bilaketa bikoitz baina aldi berean bakar honen kontaketan. Liburuak bi begirada eskaintzen dizkigu iraganarekiko loturan arakatzeko eta gaurko errealitate soziopolitikoaren oinarriak jarri zituzten
gertakarietako batzuk ulertzeko, borroka autonomoarekin lotutako langile-antolaketa garrantzitsuenetako bat ezagutzeko, eta, jakina, etorkizuna eraikitzeko moduari buruzko hausnarketa sustatzeko. Borroka politikoak, mobilizazio jendetsuak, injustizia izugarriak, ametsak, oroitzapenak eta ahanzturak dituzte hizpide bi istorio hauek, baina baita eguneroko erresistentzia anonimoak ere, eta, nola ez, gizarte-transformazio prozesu guztietako muinean beti oso presente dagoen ekarpena egiten dituzten emakume horiek.
Juako Escaso (Madril, 1979), besteak beste, poeta eta nobelagilea da. Hezkuntza formala alde batera utzi zuen enplegua bilatzeko eta duela zenbait urte itxi zuten Madrilgo Letra eskolan zerbait ikasten saiatzeko. 2004an berriz itzuli zen ikasgelara, Zinema eta Ikus-entzunezkoen eskolara oraingoan, Madrilen, hori ere. Jarraian ekoizpen-etxe batzuetan aritu zen,
non bazekiena berretsi baitzuen: kultur sorkuntza industria kapitalistatik kanpo sustatu behar zela. Lanpostua utzi eta gero, Incierto amanecer (Hermida Eds., 2010) idazteari ekin zion, eta horri esker hautagai izan zen Planeta eta Círculo de Lectores sarietarako. 2013an, lehen poema-liburua kaleratu zuen, Mañana sin amo (La oveja roja), eta urtebete geroago iritsi zen Todo que ganar (Txalaparta - Oveja roja). Gaur egun idazketa eta militantzia uztartzen ditu hainbat proiektu autogestionatutan.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.