Harmaila bete jende ikusi nuen atzo ere oholtza gainetik. Beti botatzen diot zehar begiratutxo bat eskailerak igo aurretik; baina batik bat, oholtzara igo eta aulkian eseritakoan jartzen naiz aurrean dagoenari begira. Ez luze, begiratu txiki bat izaten da, begiratu lotsati bat. Oholtza gainetan ere ba baitago begi lotsatientzat tokirik.
Kantuan hasi aurretiko begiratu horren ostean, mikrofonoaren atzean ezkutatzen gara. Eta orduan, irekita dauzkagula dirudien arren, begiak itxita kantatzen dugu; ez baitago beste modurik barrura begiratzeko.
Oholtza gainean, ikusi baino, sentitu egiten dugu. Sentitu.