Lehenik eta behin, goazen ikustera laburki zer den entzimen eta proteinen eboluzio bideratua. Eboluzio naturalaren prozesuaren ondoren, mila milioika urteen bueltan, gaur egun bizi diren izaki bizidunen entzimek eta proteinek funtzio jakin bat betetzeko eboluzionatu dute. Honen bidez, izaki bizidunek bizi baldintzetara egokitzen dira. Laborategian, prozesu hau azkartu daiteke bakterioak eta birusak erabiliz, funtzio jakin bat egiteko entzimak eta proteinak diseinatuz. Nola egiten da hau? Proteinen eta entzimen funtzioa beraien aminoazidoen sekuentziaren menpe dago, eta sekuentzia hau DNAk kodifikatzen du. Honela, bakterio desberdinen DNAn mutazio desberdinak egiten dira, modu honetan nahi dugun funtzioa beteko luketen entzima desberdinak sortuz. Honela, entzima egokiak generatu dituzten izakiak aukeratu, eta prozesua errepikatzen da, entzimen funtzionamendua optimizatuz. Horrela egindako ziklo gutxiren ostean, entzima bat milaka aldiz efektiboagoa izan daiteke. Uler daitekeen moduan, hau iraultza zientifiko bat da. Izan ere, entzimen eboluzioa naturan mila milioika urte ematen ditu, eta laborategian egunak ala asteak irauten du. Hau abeltzantzaren baliokidea litzateke mikrobioen munduan. Izan ere, bakterioak domestikatu egiten dira naturan aurkitzen ez diren proteinak eta entzimak garatzeko. Hauek gauza askotan erabilgarriak dira, ikusiko dugun moduan. Hau ikusita, bueltatu gaitezen aurtengo saridunengana. Frances Arnold entzimen eboluzio bideratua demostratu zuen lehenengoa izan zen, 1993. urtean. Bere lanaren ostean, katalizatzaile biologiko berriak egin dira erreakzio kimiko erabilgarriak burutzeko, hala nola, medikamendu berriak zein erregai ekologikoagoak sintetizatzeko. Bere lanari esker, entzima berriak sortu izan dira. Hauek organismo biologikoetan ematen ez diren erreakzio kimikoak gauzatzen dituzte, biologian ematen ez diren lotura kimikoak sortzen lagunduz. George Smithek eta Gregory Winterrek eboluzio bideratua erabiltzen duen teknika baten garapenatik lortu dute saria, “phage display” izenekoa. Teknika honek bakteriak infektatzen dituzten birusak erabiltzen dituzte, proteina eta antigorputz berrien eboluzioa gidatzeko. Teknika hau, adibidez, Humira izeneko antigorputza garatzeko erabili izan da. Medikamendu hau artritis erreumatoidea eta beste gaixotasun autoinmuneak tratatzeko erabiltzen da, eta 2016. urtean munduan gehien saldu zen medikamendua izan zen, 16.000.000.000 $ (16 mila milioi dolar). Diabetesa eta minbizi metastasikoaren aurka ere erabiltzen ari dira teknika hau. Carol Robinsonek, Royal Society of Chemistry-ko buruak, ondorengoa esan du sariaren ostean: “Gaurko Kimikako Nobel Sari honek agerian uzten du kimikaren paper garrantzitsua gure bizitzako hainbat esparruetan: farmakologia, detergenteak, katalizatzaile eta biofuel ekologikoak, etab. Kimikarentzat itzela da horrenbesteko esparrutan eragina izatea. Entzimen eta antigorputzen eboluzio bideratua biziki jarraitu ditudan gaiak dira. Biak medikuntza eraldatzen ari dira. Ikerketa honen hasieran aplikazio hauek izanen zituela aurresatea oso zaila zen (ezinezkoa ziuraski). Honek ikerketa basikoaren beharraz. Beste gauza garrantzitsua ere badago. Gaur egun zientzian inoiz baino arreta gehiago jartzen ari zaio genero desberdintasunari. Frances Arnolden aurretik azkenekoz saria jaso zuen emakumea Ada Yonath izan zen, 2009. urtean. Horrela, Kimikako Nobel saria irabazi duten emakumeak bostera igotzen da, totalaren %2.7 (oraindik oso kopuru txikia). Zerrenda osatzen duten emakumeak honakoak dira: Marie Curie (1911), Irène Joliot-Curie (1935), Dorothy Crowfoot Hodgkin (1964), Ada Yonath (2009), Frances Arnold (2018). Aurten ere, Fisikako Nobel saria emakume batek irabazi du, Donna Stricklandek. Fisikan 55 urteren ostean saria irabazi duen emakumea da, denera hirugarrena. Aurtengo sariei bueltatuz, saridunek abenduaren 10an urrezko domina, diploma eta txeke bat jasoko dute. Sariaren orainsaria 9.000.000 suediar koroakoa da, 870.000 euro inguru. Informazio gehiago, ingeleraz: https://www.chemistryworld.com/news/chemistry-nobel-prize-awarded-to-pioneersof-directed-evolution/3009582.article https://www.chemistryworld.com/news/what-is-directed-evolution-and-why-did-itwin-the-chemistry-nobel-prize/3009584.article