Transgenikoen fama txarra, merezia ote?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2018ko eka. 11a, 16:41

Zientziaren ikuspegitik, transgenikoen mundua ezin dugu ikusi ez txuri ez beltz. Gehienetan, transgenikoek sortutako eztabaidaren atzean arrazoi zientifikoak baino, arrazoi ekonomikoak eta politikoak daude.

Osagai transgenikoen inguruan gauza asko esaten dira, eta kritika asko jasotzen dituzte. Transgenikoen fama txarra merezita ote da? Hauen inguruan jendeak duen ideia, benetan oinarri zientifikoa dute? Gaiak askorako ematen du, eta 10-15 minutuko saio batean garbi dago ez ditugula zalantza guztiak argituko, baina transgenikoen inguruan dauden hainbat ideia argitzeko lehen pausua izan daiteke. Hori da gure gaurko helburua, transgenikoak zer diren eta zertan erabiltzen diren azaltzea.

Lehenik eta behin, zeintzuk dira transgenikoen fama txarraren jatorria? Batez ere bi aipatuko ditugu. Alde batetik, nekazaritzan erabiltzen diren transgeniko asko ez dute hazi emankorrik ematen. Hau da, beste generazioetan erabiltzeko hazirik ez dute produzitzen. Hau horrela, nekazariak haziak erostera behartuta dago urtero. Bestalde, osasunarekin ere lotu nahi izan dituzte janari transgenikoak, minbiziarekin hain zuzen. Honen arabera, osagai transgenikoak jateak minbizia eragingo luke.

Baina, zer da egia guzti honetatik? Lehenik eta behin, goazen argitzera zer diren transgenikoak. Horretarako, milaka urte eginen dugu atzera denboran. Nekazaritzan eta abeltzantzan, sortu zirenetik, ezaugarri bereziko animaliak eta landareak ekoiztea izan da helburu. Haragi ala esne gehiago ematen duten animaliak, fruitu gehiago eta handiago ekoizten duten landareak… eta abar. Horretarako, milaka urtez ezaugarri berezi horiek zuten animalia zein landareak gurutzatu ditu gizakiak. Gurutzaketa bakoitzean, espezie horren geneak modifikatu egiten ziren, nahi ziren ezaugarriak hobesteko. Horrela, behiesne hipertrofiatuta ditugu, ala haragi asko duten fruituak/animaliak, besteak beste. Hortaz, nekazaritza eta abeltzantzak abereen eta landareen genetika modifikatu ditu. Gaur egun, aldaketa genetiko puntualak egin daitezke bioteknologiari esker. Gene bat ala gutxi batzuk alda daitezke, espezieari berezitasun berriak emateko. Horrela, edozein izaki bizidun alda liteke genetikoki. Dena den, izaki hauek nekazaritzan eta osasunean erabiltzen dira, eta noski, edozein gauza ezin da egin, ez praktikan ez etikoki. Kontrol handia dago honetan.

Osasuna aipatu dugunez… hortik hasiko gara. Bai, osasuna. Lehen aipatu dugu minbiziarekin lotu egin direla elikagai transgenikoak. Esan beharra dago ez dagoela honetarako inolako ebidentzia zientifikorik. Gaur egun, elikagai transgenikoek duten eragina osasunean ezin dira desberdindu transgenikoak ez direnengatik. Baina, osasunean, transgenikoek izan dezakete erabilera. Adibidez, intsulinaren kasua dugu. Gaur egun diabetesa duten pertsonek hartzen duten intsulina, bakterio transgenikoek eginda da. Honek sekulako hobekuntza ekarri du persona hauen bizi kalitatean. Esan beharra dago bakterio transgeniko hau E. Coli dela, eta duela hamarkada asko modifikatu zela genetikoki helburu honekin, emaitza ezinhobea lortuz.

Nekazaritzan, ordea, eztabaida handia dago hazien inguruan. Esan beharra dago patente menpeko landareak bai izaten direla normalean landare antzuak dira. Arrazoi desberdinak daude honetarako, normalean ekonomikoak, ez zientifikoak. Baina ingurumen aldetik ere pentsa daiteke honela espezie hauek ez dutela ingurukoak inbadituko. Dena den, arrazoi ekonomikoak ez dira beti nagusitzen. Golden Rice izeneko proiektu baten helburua gaizki elikatutako umeentzat A bitamina iturri bat ematea da. Hirugarren munduko hainbat herrialdeetan bitamina honen galerak arazo handiak sortzen ditu hazten ari diren umeengan. Itsu gera daitezke, eta kasu dramatikoenetan, hil daitezke. Proiektu honi esker, arrozan A bitamina ekoizten duen genea sartzea lortu zen.

Noski, arazo asko gainditu behar izan ziren, baina 2017an giza kontsumorako onartu zen lehen aldiz Australia eta Zelanda Berrian. Dena den, mundu mailan eztabaida dago honen inguruan, baina gehienbat arazo ekonomikoa da, zientifikoa baino.

Laburbilduz, esan genezake zientziaren ikuspegitik, transgenikoen mundua ezin dugula ikusi ez txuri ez beltz. Aplikazio egokiekin, transgenikoek funtzio itzela bete dezakete. Gehienetan, transgenikoek sortutako eztabaidaren atzean arrazoi zientifikoak baino, arrazoi ekonomikoak eta politikoak daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!