Zergatik lehertzen dira krispetak?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2018ko ots. 12a, 17:44

Negu partean egiten dugun plan arruntenetakoa zinerama joatea da. Eguraldiagatik batez ere. Bertan, krispetak jatea dugu ohitura. Baina, nola egiten dira krispetak? Zergatik?

Krispetak berotzean, bere baitan, bere barruan jasaten duten presio itzelengatik lehertzen dira krispetak. Baina, zenbateko presioa izaten ahal dute bere barruan?  Krispetak, lehertu aurretik, barruko presio izugarria dute. Atera kontuak:  90 metroko sakoneran buzeatzen dagoen pertsona batek bere gainean dagoen urak egindako indar berdina jasotzen du krispetaren azalak. Beste adibide batez irudikatu dezakegu ere: kostaldean, Donostian, gure atmosferak egiten digun indarra baino 9 aldiz gehiago aguantatu behar du krispetaren azalak. Gure gainean, 9 atmosfera izanen bagenitu nabarituko genukeena.

 

Horrela, barruko presioa handitu ahala, momentu batean azalak ezin du gehiago aguantatu eta eztanda egiten du.

 

Baina nola da posible horren tamaina txikian horrelako presioak egotea? Lehenik eta behin, krispeten osagaiak zeintzuk diren jakin behar dugu. Krispetaren azal gogorraren barruan, almidoia eta ura dago. Ura berotzen doan heinean, lurrunduz doa, eta irakiten astean, ur guztia lurrundu eta presioa handitzen du barruan. Krispetaren barruan ur nahikoa bada, dena lurruntzean azala apurtzeko moduko indarra egiten du, krispeta lehertaraziz.

 

Imajinatu lapiko bat: normalean estalkiak ez du guztiz isten lapikoa, eta ura berotzen jartzean, ur-lurruna sortzen da. Ur lurrun honek presioa egiten du, eta estalkia mugi dezake. Horrela, ur-lurrunak ihes egiten du, barruko presioa txikituz. Olla-expressetan barruko presio handiagoa sortzen da, baina balbulatik ur-lurrunari ihes egiten uzten zaio, barruko presioa kontrolatzeko. Krispetetan, urak ez du ihesbiderik, eta horregatik presioa handituz doa eztanda egin arte.

 

Laburbilduz: krispetaren barruko urak azalak jaso ezin duen indarra egin behar du. Horretarako, bi baldintza bete behar dira. Alde batetik, krispeta barruan ur nahikoa egotea, eta bestetik, azaletik urak ezin ihes egitea (bestela lapikoaren efektua izanen genuke eta indarra ez litzateke nahikoa izanen krispetak eztanda egiteko). Bi baldintza hauek bakarrik arto mota batzuk betetzen dituzte, ez denek. Hori dela eta, krispetak egiteko arto mota bereziak erabiltzen dira, barruan %11-14 ura dutenak, eta azala gogorrekoak eta zulorik gabekoak. Krispetak egitean beti batzuk egin gabe gelditzen dira, eta hori normalean izaten da azala nonbaiten zuloren bat duelako (nahiz eta oso txikia izan) eta hortik ur-lurrunak ihes egiten duelako. Hortaz, edozein artok ez du balio krispetak egiteko.

 

Krispetak eztanda egitean, barruko lurruna askatzeaz gain, almidoia ere barreiatuta ateratzen da. Kanpokaldea hotzago dagoenez, almidoia hoztu egiten da (barruan dagoenean beroago dago) eta guztiok ezagutzen dugun itxura “esponjosoa” hartzen du.

 

Kuriositateak:

  • Krispeta barruan , eztanda egin aurretik, 180 graduko tenperaturara heltzen da
  • Krispetak egiteko makina (zinemetakoa) 1885.an patentatu zen (Charles Creton) baina... krispetak duela 9000 urtetik ezagutzen dira. Mexikon hasi ziren landatzen, eta urte askoren bueltan hegoamerikara heldu zen.
  • Duela 2000 urte inguruko hilobietan aurkituak izan dira.
  • Gure gizartean: USAko depresio handian popularizatu oso merkeak zirelako. Gaur egun, etxean egin arren, zinemarekin lotzen ditugu krispetak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!