Zergatik mozten zaigu telefonoaren kobertura igogailuan?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2017ko eka. 5a, 18:26

Askotan gertatzen den gauza da: elkarrizketa interesgarria ari zara izaten lagun batekin, etxeratzen ari zarelarik. Mekanikoki, portaleko atea ireki eta igogailurantz egiten duzu. Gauzarik interesgarriena esan behar dizutenean, zassss, igogailua martxan jartzen da eta deia mozten da! Hau amorrua!!! Baina, zergatik gertatzen zaigu hau????

Lehenik eta behin, gauza pare bat izan behar dugu buruan:

  1. Igogailua metalezkoa izaten da
  2. Telefonoz hitz egitean, mikrouhinak igortzen eta jasotzen ditugu (argi mota bat da, guk ikusten dugunaren antzekoa, baina energia txikiagokoa), orokorrean erradiazio elektromagnetikoa.

 

Hortaz, igogailuaren atea ixtean, metalezko kutxa batean sartu gara, eta metala eroalea bada portaera berezia du erradiazio elektromagnetikoarekin (eta elektrizitatearekin). Metalak egiten duena da erradiazioaren kontrako efektua, kanpotik datorren argiaren efektua anulatuz. Laburbilduz, gure laguna hitzegiten ari zaigunean, “argia” bidaltzen ari zaigu, eta igogailuaren atea ixtean, argi hau, uhin hauek, metalaren gainazalean gelditzen dira, zeharkatu gabe, metala laztanduz. Fenomeno honi Faradayren Kaiola deitzen zaio. Faraday izan omen zen lehenengoa honetaz konturatu zena.

 

Fenomeno honek ez digu azaltzen bakarrik zergatik ez den kanpoko erradiazioa sartzen horrelako kaiola batean, baizik eta ere bai zergatik ez den ateratzen bertatik, erradiazioa barruan sortzen bada. Horrela, mikrouhin labeek funtzionatzen dute!!!

 

Ez hori bakarrik, erradiazioaz aparte, antzeko portaera du Kaiola honek elektrizitatearekin. Elektrizitatea eta elektromagnetismoa oso lotuta daude, ez gara horretan sartuko. Bakarrik aipatuko dugu Faradayren Kaiola batera elektrizitatea iristean, barrura ez da sartzen, metalaren azaleran zehar mugituko da, erresistentzia gutxieneko bidea bilatuz. Honek izugarrizko aplikazioak ditu:

 

Adib: hegazkinak eta kotxeak tximistetaz babesteko modu oso aproposa da. Horrela, hegazkinek ekaitzak zeharkatzen ahal dituzte, tximistak kanpotik pasatzen direlarik barrukoa izorratu gabe. Kotxeak ere bai Faraday Kaiolak dira. Horrela, kotxean zaudelarik ekaitzak harrapatzen bazaitu, onena kotxe barruan gelditzea da. Leihoak itxi, irratia itzali, eta kotxea gelditu, ahal bada zonalde baxu batean. Eta ateratzerakoan kontuz.

 

Laburbilduz, Faradayren Kaiola dela eta kobertura galtzen dugu, baina aplikazio garrantzitsu ugari ditu fenomeno honek:

 

  • Mikrouhin labeak
  • Hegazkinak eta kotxeak tximistetatik babestuz
  • Etxeak babestuz (USAn batez ere)
  • Aparatu elektronikoak babestuz
  • Mendietako irrati/telebista errepetidoreak babestuz

 

Kuriositatea: esperimentu bat egin dezakegu. Bi lagun behar dira, ondoan, bakoitza bere telefonoarekin. Batak besteari deitzean, telefonoak joko du. Aldiz, telefonoa aluminiozko paperaz inguratzen badugu, bokata bat bezala, berriz deitzean.... ez du joko!!! (nik probatu egin dut). Horrelako antzeko esperimentu kaseroak egin daitezke irratiarekin ere, interferentziak sortuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!