Behar da euriaren aurreko eta ondorengo usainak zeharo desberdinak direla, eta hori dela eta azalpena banatuko dugu. Alde batetik, euriaren aurreko usainaren jatorriaz arituko gara, eta beste aldetik, euriaren ondorengo usainaz. Ekaitz baten aurretik, denok usaindu dugu usain metaliko antzekoa. Hau usaintzean, euria gertu dagoela antzematen dugu. Zerk eragiten du usain berezi honek? Ozonoak. Ozonoa (eguzkitik datorren argi ultramoretik babesten gaituena) atmosferako goi partean dago gehienbat, ez gu bizi garen behe atmosferan. Ekaitzetan, ordea, behe atmosferan ozonoaren formazioa eragiten da, hainbat mekanismoen bidez (airearen ionizazioa, tximistak, etab). Kasu honetan, gu arnasten dugun oxigeno molekula batzuk apurtu egiten dira eta horrela bi oxigeno atomo aske sortzen dira. Hauek, beste oxigeno molekulekin elkartzean, hiru oxigenozko molekula sortzen da. Hori ozonoa da. Molekula hau nahikoa erreaktiboa da, eta ez da oso osasuntsua. Estratosferan ozonoa oso ona da, gure zonaldean ez horrenbeste. Horregatik desinfektatzaile moduan erabiltzen da. Euria bota ondoren, ordea, ozonoaren usaina desagertu egiten da, eta beste molekula askoren usainek bere lekua hartzen dute. Zehazki zein molekulek parte hartzen duten ez dago garbi, batzuk ezagunak izan arren. Dakiguna, ordea, zera da. Euri ondorengo usaina landareek, haitz bustiek, lurrak eta bertako bakterioek askatutako hainbat molekulen nahasketa dela (eta hirietan, kutsadura).
- · Adibidez, haitzetan eta lurran euria egitean olio horixka antzeko osagaia sortzen da. Hauetako molekula batzuk lurrundu, eta euri usainaren zati bat eragiten dute.
- · Landareak: landare askok, euria egiten duenean, haziak askatzen dituzte. Modu horretan, botatako euriak haziak ernetzen laguntzen dute. Prozesu honetan, sustantzia aromatikoak askatzen dira.
· Hirietan: euriak airean egon daitezkeen molekula kutsatzaileak eraman ditzake, atmosfera garbituz. Molekula hauek lurreratzean, erreakzio kimiko batzuk eman ditzakete, eta honen ondorioz, usaina duten hainbat molekula lurruntzen dira eta gure sudurretaraino heltzen dira.
- · Bakterioak: euriarekin oso lotuta, “actinomycetes” izeneko bakterio batzuk daude. Hauek zoru lehorretan bizi dira, ia mundu osoan. Bakterio hauek esporen bidez erreproduzitzen dira. Euria egitean, esporak askatzen dira, eta hauekin batera, gure sudurrek harrapatzen dituzten hainbat molekula. Molekula hauen artean nagusienetakoa geosmina da. Molekula honen garrantzia adierazteko, adibide bat. Gameluak ur bila dabiltzatenean, geosmina usainduz ura aurkitzen dute. Geosmina ere hainbat barazkietan dago (adb erremolatxan). Hauek jatean, batzutan lur-zaporea antzematen diegu. Geosminaren eragina da. Zapore hau askorentzat ez da atsegina. Jakiak prestatzean gehiena desagertzen da, baina gordinik kentzeko, ozpina erabil daiteke.
Ikus daitekeenez, euriaren usainaren atzean kimika asko dago, sukaldearekin ere lotu dezakegun kimika!