Serendipia: txiripaz egindako aurkikuntzak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2016ko urt. 11a, 16:59

Guztiok egin izan dugu zerbait nahi gabe. Beste hitzetan, zerbaitetan ari ginelarik, bertze zerbait aurkitu ala lortu dugu. Zerbaiten bila aritzean desberdina den zerbait aurkitzeari Serendipia deitzen zaio. 

Izen hau ipuin persa tradizional batetik dator: “Serendipeko 3 printzeak”. Serendip, aintzinean, persek Sri Lanka izendatzeko zuten izena da. Ipuin honetan protagonistek zortez ala txiripaz aurkitzen zuten beren arazoen soluzioak bilatu gabe. Zientzian, horrelako gertaerak gertatzen dira ere. Ikerketa lerroek bidea nahikoa markatuta dute, eta zer bilatzen den jakin arren, batzutan aurkitzen dena bertze zerbait da. Zientziaren historian serendipia asko daude. Adibide batzuk jartzearren, penizilina, botoxa, biagra bezalako medikamenduak, sakarina, X-izpiak... bertze zerbaiten bila zeudela aurkituak izan ziren. Zortea ere aprobetxatzen jakin behar da, txiripaz aurkitzen dena ulertuz eta baloratuz.

 

Serendipia izena 1754. urtean jarri arren, bere emaitzak askoz ere lehenago hasi ziren. Aro klasikoan, duela 2000 urte baino gehiago, Arkimedesek erregearengandik agindu bat jaso zuen. Bere koroan zegoen urre kantitatea jakin nahi zuen. Hau egiteko, bolumena kalkulatu behar zuen, baina koroa forma geometriko irregularra denez, ez zuen modurik kalkulatzeko. Egun batean, bainuetan sartzerakoan, konturatu zen baineran sartzean desplazatzen zen ur bolumena bere gorputzaren berdina zela. Kasualitatez, urre kantitatea nola kalkulatu antzeman zuen. Besterik gabe, urez beteriko ontzi batean urre-koroa sartuta, bolumen aldaketa neurtu besterik ez zuen egin behar. Honen ondorioz, poz-pozik atera omen zen baineratik, “Eureka” (aurkitu dut!) oihukatuz.

 

Askoz ere beranduago, 1928. urtean, Alexander Fleming izeneko zientzialari batek bere laborategian ahaztuta utzi zituen estafilococo izeneko bakterio batzuen kultibo batzuk. Laborategi berdinean lan egiten zuen bertze zientzialari baten onddoen eraginez, bere bakterioen kultiboa hazi gabe zegoela ikusi zuen hurrengo egunean, lanera itzultzean. Nahi gabe, bakteria askoren aurkako medikamendua lortu zuen: penizilina. Hala ere, ez zen guztia kasualitatea izan. Garai hartan bazekiten onddo batzuk propietate bakterizidak zituztela, eta berehala konturatu zen gertatutakoaz.

 

Gaur egun erabiliak diren gauza asko ere modu honetan lortu ziren. Konpresak, postit-ak, belkroa... Tinte artifizialak, adibidez, ala zartagien material antiaderentea (tefloia) ere kasualitatez aurkitu ziren. Lehenengo tinte artifizialarena ez da gauza makala. Malariaren aurkako medikamendu baten bila ikertzean, alkoholan disolbatzen zen material bat lortu zuten. Disoluzio honek malba, purpura kolorea zuen. Kolore hau oso oso garestia zen modu naturalean lortzeko, oso gutxi bait zegoen. Tinte artifizial honen ondorioz, gauzak beste modu batean egiten hasi ziren. Handik aurrera, tinte artifizialak garatu, eta nylonarekin batera, izugarrizko aurrerapena suposatu zuen industria testilean. Honi esker, askoz ere arropa barietate gehiago eta merkeago ditugu.

 

Badirudi aurkikuntza asko kasualitate hutsaren ondorioa direla. Hau horrela izanik, zertarako horrenbeste lan metodiko zientzia munduan? Badirudi aurkikutzak guregana datozela, ez garela gu joan behar beraiengana. Hau ez da horrela. Kasualitateak eragina izan arren, aurkikuntza hauek ez dira bakarrik zoriaren ondorioa. Pasteurrek esaten zuen moduan: “Ikerketa arloan, zoriak izpiritu prestatuak bakarrik laguntzen ditu”. Aurkikuntzak aprobetxatzen jakin behar da! Bertze moduan esan zuen Picassok, artistaren inguruan: “Inspirazioak lanean harrapa zaitzala”. Zientzialariok, artistak bezala, sortzaileak gara, eta  esaldi hau oso egokia da ikerketa zientifikoaren esparruak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!