Entzule prestu hori, mila esker irrintzi hau entzuten gelditzeagatik. Ikasturte honetako nire azken irrintzia da, eta azkena izan arren, ez horregatik maitasun gutxiagorekin egina.
Euskalerria Irratian urte dexente daramat kolaborazio-lanak egiten eta, egun, Euskalerria Irratiaren komunitatea anitza eta indartsu ikusten dut. Haatik, ez dezagun ahantzi zenbat urte eman genuen lizentzia gabe, urte luze eta borroka beharrezkoa bezain nekagarria aurrera eraman zelarik.
Euskaldunok, munduko bertze populu anitzen antzera, bororrokaren seme-alabak gara eta hori ez da ezkutatzen ahal; aitzitik, harrotasunez adierazi behar dugu. Horregatik, garaipen txikiak oso ederki dakigu ospatzen, asko sufritu dugulako, edo Iruñeko Bigarren Zabalguneko emakume abertzale zahar baten hitzetan esanda: “Euskaldunok besteak baino alaiagoak gara, gehiago sufritu dugulako”.
Malkorik gabeko mundu berri baterako bidean, gurea bezalako populuak, munduko populuak, historiaren lekuko izatetik lekukoa hartzera behartuta gaude, herri bezala biziko bagara. Gozatu udaroa ahantzi gabe bagarela izan garelako, eta kemena eta engaiamendua dela bidea, geroan ere izanen bagara. Txapela buruan eta ibili munduan; euskara ahoan eta belarrian Euskalerria Irratia.
Entzule prestu hori, mila esker eta bat gehiago hor egoteagatik —eta ez bakarrik gaurkoa bezalako arrats kixkalgarrian—.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!