Lucio Urtubia, “Euskal Azeria”

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2025ko ots. 18a, 17:46

Batzuek egozten diete gazteei ez dituztela ezagutzen ezinbesteko erreferente batzuk. Adinean aitzina goazenok bai, ala? 

Otsailak 18, Lucio Urtubiaren jaiotzaren urteurrena. Kaskanten jaioa, 1931n, eta duela bost urte, Parisen hila. Igeltsero lanbidez, anarkista izatez, aski ezezaguna oraino jende gehiegirentzako, Lucio izeneko pelikula deskafeinatu hutsa edo Netflix-en seriea gorabehera. Ene ustez gomendagarriagoa da, kasurako, Belatz komikigileak egindako biografia grafikoa, Gerezi garaia, edo Lucioren beraren liburuak, Txalapartak argitaratuak.

“Nire zoria pobre jaiotzea izan zen, ez bainuen inolako ahaleginik egin behar izan ezarritako guztiarekiko errespetua galtzeko”. Luciok esana. “Banku batean lapurreta egitea delitu? Delitu handiagoa da banku bat sortzea”.

Hitzak, baina ez hutsalak. Horratx, Luciok Quico Sabaté gerrilari antifrankistari emandako babesa,  egindako banku-desjabetzeak, poliziarengandik ihesi bizitutakoak, eta mundu osoan ezagun egin zuen balentria: First National City Bank-en traveller's cheque izeneko txekeak faltsutzeko kanpaina gogoangarria, bankua kolokan jarri eta Luciorekin berarekin negoziatzera eraman zuena. Europako ezkertiarrentzat Robin Hood; polizia frankistarentzat, Zorro vasco: Euskal Azeria.

Lucioren izena eta izana, eginak eta eraginak, ezagutu eta zabaldu behar dira. Haatik, erne, zeren eta sistemak badu sekulako gaitasuna, sekulako ahalmena, iraultzaileak baliogabeko ikono bihurtzeko.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!