Errepikapenak badu ahalmen handiko zerbait, segur aski, giza burmuinean datzan efektu psikologiko bat dela kausa. Ikerketa anitzek erakutsi dute maite ditugula aldez aurretik entzun edo ikusi ditugun hitzak, eta plazera hartzen dugula errepikatutakoa berriz ere irakurrri edota aditutakoan.
Izan ere, hitz batek edo lerro batek errepikatuz entzulearen edo irakurlearen buruan indar berezia biltzen du, entzuleak edo irakurleak lehendik entzuna edo ikusia entzuten edo ikusten jarraitzen duelako.
Malasiako tradizioan bada pantum izeneko ahozko poema bat, errepikapena oinarri duen forma poetiko bat, errepikapenaren baliabidea muturreraino eramaten duena, zeren eta ez dira soilik errepikatzen fonemak, hitzak edo bertso-lerroren bat: pantum batean lerro bakoitza eta guztiak errepikatzen dira... Nola? Jakin-mina duenak badu jakin-min hori asetzeko aukera bat, Iruñean bertan.
Nafar Ateneoaren Joxemiel Bidador poesia taldean pantuma izeneko artefaktu poetikoa ezagutzeko eta idazten ikasteko atelier bat, taller bat eginen da datorren asteartean, hilaren 28an, 7etan hasita, eta zabalik dago interesa duen ororentzat.
Victor Hugok forma poetiko hori Malasiatik Europara ekarri zuen. Victor Hugo, bai, zera idatzi zuena: “Euskalduna euskaldun sortu, euskaraz mintza, euskaldun bizi eta euskaldun hiltzen da. Euskaldunarendako hizkuntza aberria da, abantzu erlijio bat.”
XIX. mendeko idazle frantses handiarena harrituko ote zen jakitean berak Malasiatik ekarritako pantuma euskaraz ere egiten dela?