Orrialde txuria begien aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2024ko abe. 11a, 18:54

Hil honen nire kolaborazioa prestatzen ari naizelarik, orrialde txuri bat daukat begien aurrean. Orrialde edo pantaila txuriaren aurrean eserita, hutsik dirudi. Alta, orrialde edo pantaila txuriaren aurrean eseri den orok bizkarzorro bat darama; batzuek handiagoa, pisutsuagoa; bertze batzuek, txikiagoa, arinagoa. Bistan da, nork bere motxila darama. Motxilan judizioak eta aurrejuzkuak, baieztapenak eta ezeztapenak, argudioak eta eztabaidak, aurreiritziak eta iritziak, egitateak eta uste-ustelak, ustezko egitateak eta egia biribilak, hitzak, aditzak, aditzondoak, ñabardurak... Horiek guztiak norberaren bizkarzorroan, nahiz eta orrialde txuriaren aurrean hustasuna sentitu.

Motxilan sartuta daramat Laura Szwarc argentinarraren liburu bat, Leer y escribir, acciones de revuelta, Irakurtzea eta idaztea, erreboltarako ekintzak eta bere hitz, iritzi eta esaldi zenbait, irakurri, barneratu, egokitu, modatu, aldatu eta “nire” bihurtu ditudala uste dut... Baina horiek ere eten gabe aldatzen ari dire bizkarzorrora tai gabe sartzen ditudan ene bizipen, praktika eta eskarmentuarekin.

Izan ere, errealitatea ez da bat eta bakarra, errealitatea aldakorra, dinamikoa da; errealitatea eraiki eta deseraiki egiten da. Arazoa da boteretsuek, boterea dutenek, sinestarazi nahi digutela errealitate bat eta bakarra dela, eta errealitate hori aldaezina dela, eta beti izanen dela berdin, beti ere boterean daudenen mesedetan, statu quo zalantzatan jarri gabe. Horrela manipulatzen gaituzte, apal eta otzan joka dezagun, errealitatea iraultzeari uko egin diezaiogun etsipenaren etsipenez,

Laura Szwarc-en liburuak utzi didan lorratzaz gain, ene motxilan badaramat laurogeita hamasei urte bete berri dituen Noam Chomsky-ren aipu bat: “Manipulazio mediatikoa bonba atomikoa baino kaltegarriagoa da geure burmuniak suntsitzen dituelako”. Errealitatea ulertu eta eraldatu, irauli, nahi dugunontzat, ezinbesteko ikasgaia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!