Bi minutu falta ziren hamabiak izateko, Aribeko Rural Kutxan bezeroen arretarako ordutegia bukatzeko. Langile zurrunak ezetz, ezin zidala Nafarroako Euskarazko Irakurle Taldeen biltzarrerako sarrera, sei euro, kobratu, kontuak itxiak zituelako eta bera 12etan bazihoalako. Baina, ordutegia 12ak arte denez eta ordulariak salatzen zuenez gero; bada bi minutu falta zirela argudiatuta ere, eragiketa egin gabe joan behar izan nuen.
Iruñean, Mendebaldeako zonalde laranjan autoa aparkatu eta Liburutegi Nagusira joan nintzelarik, Telpark aplikazioaren bidez goiz osorako denbora-tartea ordaindu nuen. Autora bueltatu eta haizetikakoan isun bat, 10:39an jarria eta nik 10:41ean egina neukan ordainketa aplikazioaren bidez. Bi minutu. Telpark-en bulegora joanda, kasua azaldu eta ordaintzea beste aukerarik ez zidan eman langile adeitsuak.
Bitxia da: batean ordaindu nahi eta ezin, bi minuturengatik; bestean, ordainduta ere, bi minuturengatik, isuna jasotzea. Eskerrak gogoan dudala Japoniako pasadizo hau:
Ikasle batek maisuari galdetu zion:
“Maisu, nola jakinen dut nire ikasbidean egiten ari naizela aitzina?”
Eta maisuak ihardetsi zion:
“Jakinen duzu lehen aztoratzen zintuenak irribarre bat sortzen dizularik.”
Bi minutu; bitartean —bi tartean—, ez dezagun sekula irribarrea gal.