Arigatō

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2024ko mai. 14a, 18:02

Zuihitsu japonierazko hitza da, “entsegua” edo “saiakera” esan nahi duena. Saiakera, izatez, saiatzea da, ahalegintzea alegia. Zertan ahalegindu? Zaharberritzen, berritzen, egokitzen, eraldatzen, sortzen, ezen eraldatzen ez den tradizioa usteltzen da betiko. Japoniatik ekarritako kamishibai, haiku, haibun eta beste aipatzen da Zuihitsua izeneko saiakera-liburuan.

Zuihitsu ez da gaur goizeko generoa: Sei Shonagon izeneko emakumezko idazle batek sortu zuen duela mila urte, eta Heian gortean bizitutakoak, hausnarketak eta iruzkinak jasotzen zituen idatziz.  

Saiakera gutxi irakurtzen omen da, eta are gutxiago saltzen... Haatik, badugu zerikasirik, badugu zerpentsaturik, zeresanik eta horregatik, biziki eskertzeko modukoa da Txalaparta argitaldariak berea ez den eta beste argitaldari baten Zuihitsua liburuaz mintzatzeko unea eta gunea eskaintzea. Izan ere, Zuihitsua izeneko liburua Zarautzeko Dakit argitaldariko Sabin Oregi editorearen ausardia eta erabakimenari esker dugu esku artean. Liburuaz mintzatzeko hitzordua asteazken honetan,  zazpietan,  Txalapartak Iruñeko Kale Nagusian duen egoitzan. 

Bihoakie Euskalerria Irratiaren bidez bai editoreari, bai Txalapartako lagunei, nire eskerrona: japonieraz esanda, Arigatō.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!