«Inkultura jantzia» nagusitu da Estatu Espainolean, eta ustezko aditu batzuek esaten digute egun batean bai eta bestean ere bai zertaz kezkatu behar garen eta zeri iritzi behar diogun; ustez jantziak diren aditu horiek erabakitzen dute gure ordez zer egin behar dugun eta zer pentsatu behar dugun. Inkultura jantzia baliatzen duten adituen adibide tipiko bat izan dugu hil honen hasieran zendu den Arévalo izeneko umorista espainolaren kontura.
Duela berrogei urte denok ezagutzen genituen, Espainiako Telebistan botatzen zituen txisteak zirela-eta ospetsu bihurtu zuten. Gasolindegi orotan aurki zitezkeen salgai haren kaseteak: umore zaharmindu eta zoldatsua zerien haren txisteei, eta Arévalo zuritzeko “bere garaikoa zela” esan duten arren, beti egiten zituen txisteak prostituta, marikoi (sic), ezindu eta adierazpen-arazodunen lepotik, sekula ez dirudun, aberats, ahaldun edo boteretsuen kontura; txiste matxista eta grazia gutxikoak ziren gehien-gehienak, errazkeriaz sortuak, umore zoldatsu eta zaharminduaren adierazgarri.
Espainiako tertulianoek, usteko aditu horiek, panegiriko bat egin diote (tira, ahalegindu dira bederen) eta haren “lorpenak” eta “txiste gogoangarriak” goraipatu dituzte; baina tertulianoak ez dira benetako adituak, telebistako pulpitutik mintzo diren arren, predikua hitz dotoreekin janzten duten arren eta adierazpen kontrajarriak egiten dituzten arren, terminologia kriptikoa eta estereotipoz betetako esaldi hutsak baliatzen dituztelarik; iritzi huts eta hutsalak janzten dituzte esaldi biribilak errepikatuz, saioa betetzeko topikoak eta estereotipoak baliatuz, eta, bide batez, pertsonaia horri buruzko irudi prefabrikatu bat emateko eta, bidenabar, pertsonaia horrengan pentsatzeko gaitasun kritikoa bazter dezagun. Eta ikusle gehienek txintik esan gabe irensten dituzte.
Rafael Chirbes idazleak aspaldi gaztigatu zigun: “Ele politak, gezurren mozorro”; eta nik gehitzen diot: inkultura jantziaren erakusgarri.