Azaroan, arazorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2023ko urr. 24a, 17:54

Larunbat honetan, San Simon eta San Juda, urriaren ondarrean azaroaren alartzean, eta Xabier Leteren abestiak dioenez,  “San Simon eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da”.  San Simon eta San Juda mugarri izaten da ordu-aldaketa dela kausa: egunak joan, egunak jin, eguzki-orduak gero eta murritzagoak, gero eta argitasun motelagoa eta etxeko horman eskegirik duzun egutegian agertzen den azaro arazo bilakatzen da. Azaroan, arazo, bere egun laburragoekin eta gau luzeagoekin. Eta ohartu gaberik ere malenkonia,  goibeltasuna gailentzen zaizu, bere gain hartzen zaituen atsekabea. Sentsazio deserosoa da, eta nahi gabe bada ere, erdi depresio erdi hondoratuta sentitzen zara eta marmarrean aritzen zara etengabe, haserrekor, zeren eta  ez dakizu zer egin ustezko zulo horretatik ateratzeko. 
Honezkero jakin beharko zenuke subjektiboa dela, sentsazio engainagarria baita, ez duzula zertan triste, goibel eta atsekabeturik egon: ez dago arrazoi objektiborik. Gakoa da asmatu egin behar dela sentsazio hori lasaitasun eta alaitasun bihurtzen, azaroan arazorik ez izateko.
Kontuan har dezagun Desertuan behatxuloa liburuan Andu Lertxundik idatzitakoa: “Udako arintasunaren hostoa laster da udazkeneko orbel”; nekez esan daiteke hainbeste horren hitz gutxirekin…! Gonbit egiten dizut, entzule hori, paseo bat emateko Arga ibaiaren inguruan orbela zapaltzen duzuelarik, urratsen soinuari erreparatuz, zure barneko sistema berrabiarazteko, eguneraketak nahierara ezarri  eta, berrindarturik, zeure buruarekin pozik eta uros sentitzeko, orbelak zure burmuinean ekoitzitako dopaminari esker.  Bai erraza dela, aitzina begiratzea egutegiari arazorik gabeko azaroan, ondorengo hitzei esker: “Udako arintasunaren hostoa laster da udazkeneko orbel”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!