Done Jeronimo itzultzaileen patroia dugu, hebreeratik eta grekotik Biblia latinera estreinakoz ekarri zuena, eta normalean liburu bat eskuan duela irudikatzen da, bere baitan bilduta leize zulo batean, bakar-bakarrik itzultzeko lan pisuari emana, ondoan lehoi bat lagun bakarra duelarik; lehoia, itzultzaile orok itzultzeko lan eskerga eta latza burutzeko behar duen kemenaren eta indarraren adierazgarri.
Iaz Nobel literatur saria eskuratu zuen Annie Ernaux idazle normandiarrak, eta Stockholmen eman zuen hitzaldia zinez gogoangarria izan zen. Nobel sarien webgunean suedieraz, ingelesez eta frantsesez duzu testua; gaztelaniaz ere badago Interneten lortzerik. Hain testu ederra eta jakingarria euskaratzeko asmo eroa otu zitzaidan berehala; lehenagotik, Nobel jasotzeko unean Wyslawa Szymborska Nobel saridun poloniarraren berbaldia ere euskaratua banuenez, Annie Ernaux-ena euskaratzeari ekin nion, Done Jeronimori laguntza eskatu gabe ere.
Orduak eta egunak itzulpen-lan gaitz horretan murgilduta emanda, Done Jeronimoren deia ez, baizik eta Patxi Gaztelumendi lagunaren deia jaso nuen, eta ea zertan nenbilen galdetuta, Annie Ernaux-en berbaldia itzultzen buru-belarri nenbilela ihardetsi nion, diskurtsoaren bi herenak jadanik eginak nituelarik. Patxi Gaztelumendik eman zidan gaztigua, eta itzulpen korapilatsu horrekin jarraitzeko gogoa erauzi: “Euskaratuta dago jada, armiarma.eus webgunean duzu irakurgai”. Itzultzaile gazte batek egina du; Joanes Jauregi du ponteko grazia; txukun egindako itzulpena, bidenabar esanda.
Done Jeronimoren lehoiaz oroitu nintzen.
Josu Jimenez Maia
2023ko maiatzak 2