“Idazle guztiok jotzen dugu Borges izatera.” Tira, gutxienez hori zioen Pere Gimferrer poeta katalanak. Jorge Luis Borges-en ipuinak eta poemak miresten ditut nik; Jorge Luis, eta ez Jose Luis (sic) Borges, orain dela urtebete pasatxo nork eta Espainiako erregeak berak bota zuen gisan, non eta Argentinan, Jorge Luis Borgesen aberrian, non eta Espainiar Hizkuntzaren Nazioarteko Biltzarrean, Congreso Internacional de La Lengua Española delakoan… Espainiako erregeak hanka sartu zuen, barru-barruraino sartu ere. Eskerrak ikasketa handiak egin zituen, guk ordaindutakoak, ez ahantzi; eskerrak ustez prestatua eta trebatua dagoen, eta horregatik El Preparado ezizenez bataiatu dute Espainiako komunikabideek.
Jorge Luis Borges ez dago ongi ikusia euskal lurraldeotan. Lehengoan beste idazle batek gogorarazi zidan euskaldunei buruz Jorge Luis Borgesek esandakoa: “Euskaldunak? Nik ez dut ulertzen nola sentitzen ahal diren harro euskaldun izateaz… Euskaldunak beltzek baino balio gutxiago dutela iruditzen zait. Eta, begira ezazu, beltzek esklabu izateko baino ez dute balio izan. Euskaldunek behiak jezten eman dute Historia osoa, mendeak eta mendeak behiak jezten.”
Bitxia da gero, euskaldunak gutxietsi nahian, hara non guztiz arrazista den iruzkin bat egin zuela idazle handiak, bere burua agerian utzita eta agerian utzita idazle handiek ez dutela akats-gabe eta perfekturik zertan izan.
Borgesek espainiarrei buruz zioena, ordea, ez da horren ezaguna; zera zioen: “Espainiarrek ez dakite espainieraz hitz egiten: Madriz esaten dute Madrid esan ordez.”
Espainiako errege Felipe VI. Prestuak, horren prestua berak, izanen zuen Borgesen aipuaren berri eta horregatik deitu zion Jose Luis eta ez Jorge Luis? Ez dut uste, zeren eta euskaraz bada esaera zahar bat, burura datorkidana, Euskalerria Irratiko entzuleei agur egiteko eta ikasturte honetako lehen irrintzia biribiltzeko: “Tximinoa gorago eta ipurdia ageriago”.