Poesiaren justizia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2020ko mar. 10a, 17:14

Martxoaren 21ean Munduko Poesiaren Eguna ospatuko dela eta, datorren
aste osoan izanen dira hainbat ospakizun eta emanaldi, topagune eta hitzaldi. Iruñean
bertan Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak elkarlanean ematen duten Iruñea Hiria
poesia sariari dagozkion liburuak aurkeztuko dira, iazko edizioan saritutakoak: Aitor
Francos bilbotarra erdarazko kategorian, eta Mikel Arruabarrena hondarribiarra
euskarazkoan. Liburuak Kondestablearen jauregian aurkeztuko dira, 7,30etan, eta
egileak bertan egonen dira. Astelehenean, Aitor Francosen Los días andan sueltos,
haiku bilduma; asteartean, Mikel Arruabarrenaren Ahanzturaren Bezperan olerki
bilduma.

Aitor Francos eta Mikel Arruabarrena, biak ala biak, euskaldunak dira, eta hori
azpimarratu nahi dut. Izan ere, inork ez du planteatu gaztelaniazko kategoriara
bakarrik elebakarrak aurkeztu daitezela eta euskaldunak ez aurkezteko; bestela, Aitor
Francosek ez zukeen lortuko saria. Lanpostu publikoak direla eta, berriz, erdaldun
elebakarrek horixe planteatzen dute, eta ez dute nahi euskaldun elebidunak aurkeztu
ahal izatea, “porque nos quitan las plazas de castellano”. Eta poeta erdaldunek
planteatuko balute erdaraz ere idazten dakigun poeta euskaldunak ezin garela
aurkeztu, “porque les quitamos el premio de castellano”, zer pentsatuko genuke?
Era berean, anitzetan entzuten dugun matraka gogaikarri bat aplikatuta, zera
galdetzen ahal dizute. “¿Tú, qué prefieres?: ¿un buen poeta o un poeta euskaldun?”
galderaren gakoa makurra da oso, berez poeta euskaldun guztiak txartzat hartzen
badira. Baina, hara non, Iruñea Hiria poesia saridunak, biak olerkari onak, eta biak
euskaldunak, planteamendu gogaikarriaren engainua agerian uzteko. Justizia poetikoa
baino, poesiaren justizia.

Iruñea Hiria poesia sariketaren aurtengo edizioa martxan da jada eta
apirilaren 30ean bukatuko da olerki-bildumak jasotzeko epea bai gaztelaniazkoan, bai
euskarazko kategorian; ea poesiaren justizia aurtengo edizioan ere errepikatzen den.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!