Jokoa ez da errenta

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2020ko urt. 14a, 17:35

Azken urteotan apustu etxeen kopuruak gora egin du nabarmen. Iruñea
eta Iruñerria ez da salbuespena izan. Argitxo dirdiratsuen eta keinukarien
atzean, langileen eta herri xehearen dirua eskuratzeko tresna arriskutsuak
ezkutatzen dira. Ez da kasualitatea, beraz, apustu etxeak batez ere
auzoetan eta langile-herrietan ugaritzea. Izan ere, negozio hauen eragina
menpekotasunetik haratago doa, apustuen munduan murgildu,
errealitatetik urrundu eta gure eguneroko arazoen aurrean axolagabe
mantentzen gaitu; estu-estu lotuta dauden bi kontuak.

Eta inork ez dezala bere burua engaina, negozio honetan bankak beti
irabazten du, eta bezeroak, galdu. Diru kantitate itzelak mugitzen dituzten
negozioak izanik, aurpegi atsegin eta abegitsu bat erakusten digute
iragarkien bidez, ludopatiaren errealitate beltza zuritzeko xedez eta
helburuz. Ez du ematen ezer txarrik e(ra)giten dutenik… Horretan datza,
hain zuzen ere, euren arriskua.

Jokoa ez da sekula errenta izan Euskal Herrian: zenbat baserri, zenbat
hazienda eta zenbat adiskidetasun hautsi dituen jokoak, eta esaera zahar
batek argi biltzen du arbasoen ezagutza handia: “Jokoa ez da errenta".

Berriozarren bigarren apustu-etxe bat zabaltzen ari dira. Horregatik
larunbatean, urtarrilaren 18an, 5etan, apustu-etxeen aurkako mobilizazioa
eginen da. Euskal Herria irratiko entzule guztiak gonbidatuta zaudete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!