Josep Borrell-en arrain ustela

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2019ko abe. 17a, 18:06

Aziza gazteak tea prestatu du, te apartsua, aparrik ezean ez baita benetako tea.
Lehen tea, garratza, basamortuaren garraztasunaren adierazgarri, haizearen
zaporea duena. Bigarren tea, xamurra, oso xamurra, aiton-amonen laztanen
pare, amek egindako ogiaren zaporea duena. Hirugarren tea gozoa, oso gozoa,
gure Lurra bezain gozoa, Mendebaldeko Sahararen zaporea duena. Laugarren
teak esperantzaren zaporea du, Mendebaldeko Saharara noizbait itzuliko diren
itxaropenaren zaporea, atzerrian errefuxiatu emandako urteetako oroitzapenak
bizkarrean hartuta. Topa dagigun jadanik ez daudenak gogoan, topa dagigun
zure izenean eta denon gizenean, eta topa egin dezagun Sahara askearen alde!
Azizak erretilua pixka bat garbitu, eta beste lau te prestatzera doa, apartsuak,
oso apartsuak, zeren eta aparrik ezean ez baita benetako tea: garratza, xamurra,
gozoa... eta beti-beti, esperantzaz beteak.

Borrell ministroak “atentatu-arrisku berehalakoa” zela-eta Saharara ez joateko
deia egin zuen, Marokoko atzerri-ministroarekin batzartu eta gero. Marokoko
ministroaren amua irentsi eta ustezko atentatu-arriskuaren arrain ustela
zabaldu zuen Borrellek. Atentatuak aste horretan bertan izan ziren, bai, baina
Londresen eta Amsterdamen, eta Borrell ministroa ez zen azaldu adierazteko ez
zela komeni joatea Erresuma Batura edo Herbereetara.

Aste horretan Saharara joan zirenak itzuli egin dira jada, besteak beste,
Berriozarko okina. Gaur goizean esan dit, hirugarren aldia dela Saharara joan
dena, eta gero eta gusturago joaten dela. Borrell ministroaren arrain ustelaz
oroitu naiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!