Kulturan, euskaldunik ez

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2019ko aza. 19a, 17:15

Iragan den asteburuan Euskal Irakurle Taldeen II. Biltzarra ospatu da Liburutegi
Nagusian. Iaz estrainekoz egin eta arrakastak akuilaturik, aurten berriz egin da, arrakastaz
egin ere. Mugaren bi aldeetako nafarrak bildu ginen bertan, eta Katixa Dolhare
Çaldunbideren hitzaldian kontu jakingarri anitz entzuteko parada ukan genuen, Baxe-
Nafarroako doinu xarmangarrian entzuteko ere. Katixak erakutsitakoa lantaldetan aritu
ginen praktikan jartzen, eta Eider Rodriguez-en ipuin bat, Urtebetetze festa, jorratu genuen
lantalde horietan.

Bukatzeko, Asisko Urmenetak maisuki laburbildu zuen goizean zehar bertan
entzundakoa, eta zin-zinez, gustura baino gusturago gelditu ginen bertan bildutako
irakurle, idazle, editore eta beste. Baina ene ustez, goiz horretan, norbait falta izan zen:
Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez zen azaldu, iaz ez bezala, iaz Nafarroako
Gobernuko ordezkari bat egon baitzen, Dori López Jurio, labur eta egoki mintzatu zena
jardunaldiaren hasieran. Maleruski, aurten, gonbidatuta ere, ez zen Nafarroako Gobernuko
ordezkaririk joan, eta Liburutegi Nagusiko lagun bati galdetuta, zera esan zidan: Kultura
Departamentuan ez dago buru euskaldunik, horregatik euskarazko irakurle taldeen
aurtengo biltzarrera ez zen etorri Nafar Gobernuko ordezkaririk. Horra, Euskal Irakurle
Taldeen II. Biltzarrean pozik eta uros izan ginen bertan egon ginenok, baina Gobernu
honen lotsarako, Kultura Departamentuak ez du izan inor ordezkari bidaltzeko, euskarazko
kunplimenduzko hitz gutxi batzuk errateko bederen.

Hurrengo urtean irakurle taldeen biltzarra berriz ere eginen dugu. Urte oso bat
dauka Kultura Departamentuak hutsunea betetzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!