Ausartu sartu sortu

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2018ko aza. 27a, 17:40

Iragan den larunbatean Nafarroko irakurle kluben lehen biltzarra ospatu zen, euskarazko irakurle taldee´topagunea. Irakurle, liburuzain, dinamizatzaile eta idazleak izan ginen bertan, hirurogei lagun osotara. Lau zertzelada baino ez, zinez arina eta aberatsa izan zen goiz bateko jardunaldiaz, Nafarroako Liburugiaren eta Nafar Ateneoaren babesarekin egina, euskaraz bizi nahi duguontzat pozgarri eta pizgarri, izan ahobizi, izan belarriprest.

Mahai-inguruan Jose Angel Irigarayk liburuaren eta irakurlearen arteko zubigintza, bitartekarien garrantzia azpimarratu zuen, alegia irakurle taldeen dinamizatzaile, edo koordinatzaile edo arduradun, nahi duzun bezala deituta.

Juan Mari Munarriz elizondarrak irakurle taldeak ekarri dizkion onurak aitortu zituen. Jon Atxega irakasle eta dinamizatzaileak bertan zeuden arduradun politikoei liburu sareko liburu-sortak berritzeko, handitzeko eta liburu atera-berriak erosteko eskatu zien.

Fertxu Izquierdok kontatu zigun Atxagaren eta Sarriren poemak irakurtzen hasi zenean, mundu oso bat zabaldu zitzaiola. Poemak, olerkiak. Nafarroako irakurle hogeitaka taldeetan narratiba lantzen da. Poesia jende gutxiagori interesatzen omen zaienez, ez dago poesia-irakurle talderik. Oraindik.

Izan ere, zergatik ez egin poesiaz ere gozatzeko talde bat? Nafarroan hogei irakurle talde baino gehiago egonik, zergatik ez antolatu bat poesiaren inguruan, Agian ezin da leku orotan egin, baina nago Iruñean poesia-irakurle talde bat egiteko ahalegina egin litekeela, Nafar Ateneoaren babesean, adibidez, (edo Katakrak, edo Pamiela, edo Nafarroako Liburutegian bertan... berdin zait). Hasteko, pare bat lagun prest gaude eta entzuleen arteko baten batek nahi badu, irakurletaldeak@gmail.com helbidera mezu bat igor dezala. Ausartu, sartu eta sortu, Jose Angel Irigaray handiaren hitzak nire eginda.

Mundu oso bat zain dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!