Tindufeko basamortuan, basamortuaren basamortuan, hortxe daude saharar gazteak. Eta badaude, egon euskal aditzaren zentzurik hertsienean. Errefuxiatu kanpamenduetan bertan sortuak, Nazio Batuek agindutako erreferenduma noiz egingo zain, esperoan eta desesperoan. Saharar gazteek ez zuten ezagutu Mendebaldeko sahara, euren aberria, errefuxiatu jaio baitziren jada Arjeliak utzitako basamortuaren zoko horretan. Marokoren aurkako gerra-garaia ere ez zuten zuzenean ezagutu, eta gazte anitz, zereginik ez eta etorkizun lausoa dutelarik, linboaren ziurgabetasunean harrapatuak daude, ez gerra ez bake egoera batean.
NUPeko Carlos Vilches eta Natxo Esparza irakasleek errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren saharar gazteei buruz ikerlan soziologikoa egin eta emaitza aurkeztuko dute gaur Iruñean, Katakrak-en, 7etan.
Saharako kanpamenduetako gazte errefuxiatuak, Linboaren ziurgabetasunean harrapatuak du izena lanak, liburu formatuan aurkeztuko dena, Kabiak elkartearen eskutik. Carlos Vilches eta Natxo Esparza liburuaren egileekin batera, proiektu hau gauzatzen lagundu duen Arabako SEADen Lagunen Elkarteko Marta Ponce, Saharar gazteen erakundeko Hareira Mohamed eta Fronte Polisariok Nafarroan duen ordezkari bat ere izanen dira bertan.
Bazen garaia usteak eta bizipenak izateaz gain, ikerketa soziologiko serio batean saharar gazteek bizi duten egoeraren gaiari heltzeko tenorea. Oporraldia Bakean programaren bidez Saharako ume bat etxean izan edota Sahara bihotzean dugunontzat, ezinbesteko hitzordua gaur.
Liburu aurkezpen interesgarria, inondik ere, eta nigatik behintzat ez da luzatuko, zeren 8etan Gaztelu plazan egon nahi nuke, Altsasuko gazteek aske izan beharko luketela aldarrikatzen. Ez ahal da izanen oihu bat basamortuaren erdian! Inshallah!